Politika -
Ezker abertzalea
Sorturen helegitea aztertzen hasi dira Konstituzionaleko epaileak
Konstituzionalak ez du erabakia noiz iragarriko duten eta epaileen artean jarrera ezberdinak dauden zabaldu nahi izan.
Erredakzioa
Auzitegi Konstituzionala gaur hasi da Sorturen helegitea aztertzen, Eugeni Gay epaitegiko lehendakariordeak adierazi duenez. Bere egunean, Auzitegi Gorenak Sortu legez kanpo uztea erabaki zuen, eta alderdi politiko horretako ordezkariek auzia Konstituzionalera eraman zuten.
Kazetariei egindako adierazpenetan, Gayk esan du "aldeek aurkeztutako puntu ezberdinak" eztabaidatzen hasi direla.
Hala ere, ez du erabakia noiz iragarriko duten eta epaileen artean jarrera ezberdinak dauden zabaldu nahi izan. "Ezin dut, eta ez dut informazio hori zabaldu nahi", gaineratu du.
"Gaia aztertzen hasi gara, eta zuhurtziaz jokatuko dut", bukatu du.