Politika -
Saioa Legebiltzarrean
Ares: 'Salatutako 633 agenteetako hiru baino ez dituzte kondenatu'
Bestalde, Herrizangoko arduradun nagusiak azpimarratu egin du ez dela kargu-uzterik izango Justiziak Iñigo Cabacasen hilketaren inguruan erabaki bat hartu arte.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak adierazi du Ertzaintzak "lan profesionala eta proportzionala" egin zuela Kukutza gaztetxea hustu eta gero izandako istilu "larriei" aurre egiteko, eta "larri"tzat jo du Arartekoak "on"tzat eman izana "lekuko batzuen testigantzak, egiaztatu gabe ere".
Izan ere, Aresen esanetan, hainbat salaketa "faltsu" jarri ohi dira "Ertzaintzari ospea kentzeko".
Sailburuak Legebiltzarrean egin ditu adierazpenak, Dani Maeztu Aralarreko parlamentariak Kukutzako istiluen harira egindako galdera bati erantzunda.
Aresek azaldu du Ertzaintzak 64 pertsona atxilotu zituela, eta horietako 24k zigor aurrekariak zituztela, "tartean kale borrokarekin lotura larriak zituztenak ere bai".
Horren esanetan, azken urteotan "hainbat salaketa" aurkeztu dituzte Ertzaintzaren aurka, baina "horietako hiruk baino ez dute egin aurrera".
Iñigo Cabacasen heriotzaBestalde, Herrizangoko arduradun nagusiak azpimarratu egin du ez dela kargu-uzterik izango Justiziak Iñigo Cabacasen hilketaren inguruan erabaki bat hartu arte. Cabacas gomazko pilota batek jota hil zen.
Horrez gain, Aresek EAJri eskatu dio Cabacasen hilketarekin "zentzuz" jokatzeko eta "horrelako gertaera tristea botoak lortzeko eta kargu-uzteak eta dimisioak eskatzeko ez erabiltzeko".
Datuak
Sailburuak zehaztu duenez, 2009 eta 2011 urteen artean 633 agenteren aurka aurkeztu zituzten salaketak, baina hiru bakarrik kondenatu zituzten. Hiru kasuotan, gainera, falta bat egotzi zieten, ez delitu bat.
Azken hiru urteotan, herritarrek ertzainen aurka aurkeztutako 289 salaketa artxibatu dituzte, betiere Aresek emandako datuen arabera.