Politika -
Hauteskunde-legea
Ezker abertzaleak errolda artifizialki puztu nahaia egotzi dio PPri
ETA dela eta erbesteratutakoei EAEn botoa emateko eskubidea eman nahi dien ekimenak "porrot nabarmena" izango duela aurreikusi dute, "ezkerreko bloke soberanistak hegemonia lortzeko aukera" duelako.
Erredakzioa
Ezker abertzaleak Euskadiko hautesleen errolda "artifizialki puztea" eta Euskadi "urrutitik kolonizatzeko asmoa izatea" leporatu dio PPri, EAEtik ETAgatik erbesteratutakoei boto-eskubidea emateko ekimenaren harian.
Donostian emandako prentsaurrekoan, erbesteratutakoen gainean PPk egindako proposamena Espainiako Estatuak bizi duen "krisi hirukoitza"ren barnean kokatu dute Maribi Ugarteburu eta Pernando Barrena ezker abertzaleko bozeramaileek. Krisi hirukoitz hori "kapitalismoaren berezko krisiak, konstituzio ereduarenak eta Euskal Herrian hasitako garai berriak sortutakoak osatzen dute". Zehazki, Euskal Herrikoa "nazio legez aintzat hartzearen eta autodeterminazio eskubidearen aldarrikapenak" sortu dute.
Ugarteburuk eta Barrenak testu bat irakurri dute, euskaraz eta gaztelaniaz. Testu horren arabera, PPk eta Gobernu Zentralak "jakin badakite" EAEn garai berria sortu dela eta alderdi popularra "politikoki bakarrik geratu dela".
"Eredu alternatiboa" sortzeaEra berean, eta ezker abertzalearen iritziz, PPkoek badakite Euskadin "eredu alternatiboa" eraikitzeko "ateak zabal-zabalik" daudela, eta eredu horren buruan "ezkerreko bloke soberanista" nagusi izango dela. Izan ere, soberanistek gero eta babes gehiago dute eta "hurrengo hauteskundeetan talde hegemonikoa izateko aukera ugari" dituzte.