Politika -
Ariketa teorikoa zen
UPyDk Nafarroa, Errioxa eta Aragoi bateratzeko proposamena ukatu du
Nafarroa, Errioxa eta Aragoi bateratzen dituen "Ebro eskualdea" sortzeko proposamenari garrantzirik eman ez diola azaldu du Alderdiaren zuzendaritzak.
Erredakzioa
UpyD alderdiaren zuzendaritzak ez dio garrantzirik eman Errioxako federazioak Errioxa, Nafarroa eta Aragoi bateratzen dituen "Ebro eskualdea" sortzeko proposamenari; izan ere, horrelako "milaka" proposamen daudela uste du.
UPyDk Errioxa, Nafarroa eta Aragoi batzea eta "Ebro eskualdea" sortzea proposatu du. Rosa Diezen alderdiak Burgos eta Soria ere batzea "pentsatu" litekeela azaldu du.
Elkarlanerako mekanismoak zehazteko Errioxako, Nafarroako eta Aragoiko presidenteek izan duten bileraren ostean, UPyDk "Ebro eskualdea" sortzeko proposamena aurkeztu du, komunikatu baten bidez.
Rosa Diezen alderdiak adierazi duenez, hiru erkidegoek bi milioi biztanle batzen dituzte, eta eskualde berria sortzeak zerbitzu eraginkorragoak eta merkeagoak izatea ahalbidetuko luke.
Horrez gain, adibide bezala, hiru campus izango lituzkeen unibertsitate bakarra izateko aukera proposatu dute; horrela, "horien arteko bidegabeko lehia ekidingo litzateke". Gainera, osasun-zerbitzuak ere bateratuko balira, gaixoen masa kritiko handiago batek inbertsio hobeak ahalbidetuko lituzke.
Parlamentu bakarra izateko aukera ere proposatu dute. Parlamentu horren ordezkaritza lurralde bakoitzaren biztanleriaren arabera banatuko litzateke: Errioxak % 17, Nafarroak % 33 eta Aragoik % 50.
Eskualde berriaren ardatza Ebro ibaia izango litzateke eta "tamaina bikaina" izango luke, "eraginkorra izateko handia, baina ez eraginkortasuna galtzeko adina". Gainera, gastuak handitu gabe zerbitzu hobeak izateko aukera emango luke, UPyDren ustez.