Politika -

Justizia

Sedizioa indargabetuko dute eta dirua bidegabe erabiltzeko zigorrak txikituko dituzte gaurtik aurrera

Orain 2017ko urriaren 1ean Katalunian egindako erreferendumagatik zigortutako batzuek sedizio- eta bidegabeko eralgitze-delituetatik absolbitzea eskatuko diote Auzitegi Gorenari.

Kataluniako auziaren epaiketa. Argazkia: EFE
Kataluniako auziaren epaiketa. Argazkia: EFE
Kataluniako auziaren epaiketa. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegun honetan sartuko da indarrean sedizio delitua indargabetzen eta dirua bidegabe erabiltzeko delitua murrizten duen legea -PSOEk eta Unidas Podemosek bultzatu zuten-. Zigor Kodea aldatzeko proposamenari abenduaren 22an eman zion argi berdea Goi Ganberak, PSOE, ERC, EH Bildu, EAJ eta Mes per Mallorcaren gehiengoarekin. PPk, Voxek, Ciudadanosek, UPNk, Juntsek, PRCek, Coalicion Canariak, Teruel Existek, PARek eta bi parlamentari independentek aurka bozkatu zuten. Bestalde, Mas Madrid, Geroa Bai eta Compromiseko senatariek abstenitzea erabaki zuten.

Bidegabeko erabilera delitua: Nola araututa dago eta aldaketzeak zer dakar

Hartara, erreformak sedizio delitua desagerrarazi eta desordena publiko larriagotuko delitu bilakatuko du. Ondorioz, 15 urteko gehieneko zigorra bost urtekoa izatera igaroko da.

Bestetik, irabazi asmorik gabeko dirua bidegabe erabiltzeagatik gehieneko zigorra lau urtera jaitsiko dute. Gaur-gaurkoz, zortzi urterainokoa izan daiteke, eta 12 urtera ere irits daiteke, bidegabeko diru kopurua 250.000 eurotik gorakoa bada.

Hala, 2017ko urrian Katalunian egindako erreferendumagatik zigortutako buruzagi independentisten abokatuek absoluzioa eskatuko dute.

Kataluniako zigortuak

2017ko urriaren 1ean Katalunian egindako erreferendumagatik zigortutako batzuen abokatuek sedizio- eta bidegabeko eralgitze-delituetatik absolbitzea eskatuko diote Auzitegi Gorenari.

Europa Pressek kontsultatutako iturri juridikoen arabera, defentsa batzuek idatziak ia prest dituzte dagoeneko, Auzitegi Gorenak erreforma penalak 2019ko urriaren 14an emandako epaian izango duen eraginari buruzko iritzia eskatzen dienerako.

Aipatutako iturriek azpimarratzen dute kasu bakoitza desberdina izango dela. Izan ere, hamabi kondenatuetatik, lau sedizioagatik eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik zigortu eta inhabilitatu zituzten --Junqueras (13 urte), Raul Romeva, Jordi Turull eta Dolors Bassa (12 urte)--, beste bost sedizioagatik soilik kondenatu zituzten--Carme Forcadell (11 urte eta 6 hilabete), Joaquim Forn, Josep Rull (10 urte eta 6 hilabete), Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart (9 urte).

Zentzu horretan, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANCko eta Omnium Culturaleko presidente ohiek ez diote Gorenari eskatuko absolbitzea Zigor Kodearen erreformaren ondorioz, baina auzitegiak ofizioz berrikusi ahal izango ditu zigorrak.

Gainera, sedizio delitua desagertzeak Marta Rovira ERCko idazkari nagusia Suitzatik Espainiara itzultzea erraztu lezake; izan ere, iheslarien artean delitu horrengatik bakarrik auzipetuta dagoen bakarra da, eta horrek desobedientzia delituan geratzea ekar lezake, isunarekin eta inhabilitazioarekin zigortuta, eta ez kartzelarekin.

'Acuamed'eko auzipetuen zigorren berrikuspena

Bestalde, Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak, bere aldetik, 'Acuamed'eko auzipetuentzat eskatzen duten 40 urtetik gorako zigorra berrikusiko du. Izan ere, kasua daraman epaileak Ministerio Publikoari eskatu zion zigorrak berrikus zitzala, dirua bidegabe erabiltzeko zigorrean egindako aldaketek eragina izan zitzaketelakoan.

Europa Press albiste agentziak kontsultatutako iturri fiskalek berretsi egin dute albistea. Horien arabera, eskaera guztiak berraztertu beharko dituzte. Oraindik, baina, ez dute horrek ekar ditzakeen ondorioak aurerratu nahi izan.

Auzitegi Nazionalak bideratutako 'Acuamed' auziak, bidegabeko delitua ez ezik, beste hainbat delitu ere ikertzen ditu; iruzurrarekin, funtzionario eroskeriarekin, faltsukeriarekin, prebarikazioarekin, eragimen trafikoarekin, talde kriminaleko partaide izatearekin eta lehiaketa publikoen prezioak aldatzearekin lotutakoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Kataluniako erreferenduma Delituak azken ordukoa Espainiako Gobernua Espainia albisteak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean Senatua