Politika -
'Publikoa' eztabaida foroa
Euskeraren gainean 'gutxieneko akordioak' eskatu ditu Patxi Lopezek
Euskera elkarbizikidetzarako elementu bihurtzearen alde egin du lehendakariak. Halaber, herritarren artean euskeraren erabilera sustatzeko asmoa azaldu du.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak euskera elkarbizikidetzarako elementu bihurtzearen alde egin du larunbat honetan Bilbon. Halaber, euskal herritarren artean euskeraren erabilera sustatzeko asmoa azaldu du.
Lopez PSE-EEko "Publikoa" izenburuko eztabaida foroaren itxiera ekitaldian izan da. Aurtengo foro honetan Euskadiko hizkuntza politika aztertu du, eta euskeraren erronkak izan ditu aztergai.
Euskeraz egindako hitzaldian lehendakariak ohartarazi duenez, euskaldunen artean dagoen ezagutza maila desberdinak eta eguneroko harremanetan ematen den erabilera eskasa dira euskeraren arazo nagusienak.
"Euskera erabiltzea herritarren esku dago, eta hori dela eta, hizkuntza auzi soziala eta politikoa da, hitz hauen zentzu onenean", esan du Lopezek, "ez da bakarrik hizkuntza arazo bat". "Euskal erakundeak ez dira neutralak; gizarteak berak euskera sustatzea eskatu du", azpimarratu du lehendakariak.
Zentzu honetan, euskararen aurrean "Eusko Jaurlaritza ez da neutrala, eta krisia egon arren, hizkuntza politiketan murrizketa ekonomikoak ez ezartzeko esfortzu handiak egin ditu". "Kasu honetan Jaurlaritza sektarismoaz gabetu da", adierazi du. Halaber, "euskal gizartea banatzen saiatzeko hizkuntza bereganatu dutenak" salatu ditu Patxi Lopezek.
"Euskadin bizi garen askatasun une berri hau elkarbizikidetza lortzeko aprobetxatu behar dugu, akordioa lortzeko, gatazkak alde batera uzteko", eskatu du lehendakariak, "euskera mailan, guztion artean egin behar dugu, ez batak bestearen aurka".