Politika -

'almeria auzia'

Espainiako Gobernuak barkamena eskatu die ETAkoak zirelakoan torturatu eta hil zituzten hiru gazteren familiei

Atzo Almerian egindako ekitaldi batean, Memoria Demokratikoko Estatu idazkariak eta Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak erreparazio diplomak eman zizkieten hiru familiei.

Maria Morales, 'Almeria Auziko' biktimetako baten ama. Argazkia: EFE
Maria Morales, 'Almeria Auziko' biktimetako baten ama. Argazkia: EFE
Maria Morales, 'Almeria Auziko' biktimetako baten ama. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Martinez Memoria Demokratikorako Estatu idazkariak barkamena eskatu die "Estatuaren bihotzetik" Juan Mañasen, Luis Coboren eta Luis Monteroren senideei. Kantabriako hiru gazteak 1981eko maiatzaren 10ean atxilotu zituen Guardia Zibilak, autoan senide baten jaunartzera zihoazela. ETAko kideak zirela pentsatuta, torturatu eta hil egin zituzten.

Gazteen gorpuak kiskalita agertu ziren auto barruan atxilotu eta biharamunean, Gergaleko (Almeria) paraje batean.

1982ko uztailean, Almeriako Probintzia Auzitegiak 24 urteko kartzela zigorra ezarri zion Carlos Castillo Quero teniente koronelari, 15 urtekoa Manuel Gomez Torres tenienteari eta 12 urtekoa Manuel Fernandez Llamas guardiari, "zor den obedientzia" deritzon aringarriarekin. Castillo Quero baldintzapeko askatasunean geratu zen 1992an.

Juan Mañasen amak, anai arrebek eta iloba batek, Luis Monterok, parte hartu zuten atzo Almeriako Gobernuaren Ordezkariordetzan egindako ekitaldian, eta bertan izan zen Maria Gamez Guardia Zibilaren zuzendari nagusia. Horrek adierazi zuenez, "Almerian gertaera lazgarri haiek ez ziren inoiz gertatu behar", eta "ez dute justifikaziorik".

Ekitaldian, Memoria Demokratikoko Estatu idazkariak eta Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak erreparazio diplomak eman zizkieten hiru familiei.

Martinezek azpimarratu zuen Jaurlaritzak biktimen senideei emandako "barkamena" erakundeen mailan pairatu duten "hamarkadetako abandonu justifikatuagatik" ere datorrela.

Familiek nabarmendu dutenez, "gure sufrimendu luze eta bidegabeki isilduaren arintze bat da"

Francisco Javier Mañas Juan Mañasen anaia txikiak –haren jaunartzeak eragin zuen hiru gazteek Santanderretik egindako bidaia–, eta azaldu zuenez, "beranduegi bazen ere", ekitaldia oso espero zuten: "Gure sufrimendu luze eta bidegabeki isildua arintzen du".

Gogorarazi zuenez, "krimen izugarritik" 42 urte inguru igaro diren arren, minak "ez du preskribatzen", are gehiago anaiaren eta lagunen bizitza "gure zaintza eta eskubideak bermatzeko betebeharra dutenen eskuetan" kendu zitzaienean.

"Hiru familiak bizirik iraun dugu oinaze horretan, harlauza jasanezin horrekin, ulertezintasun horrekin, galera konponezin horrekin eta oinaze urte horiekin guztiekin, administrazioetatik inork inoiz azalpenik zein sentimendurik adierazi gabe edo gertatutakoa justifikaezina zela esan gabe", adierazi du, familiek igarotako egoera adierazteko. Maria Moralesek, bere 86 urteko amak, bizi izan duen pairamena izan du, hala, hizpide.

Memoriaren Legea

Familiek nabarmendu dute ez dutela etsiko Juan Mañas, Luis Montero eta Luis Cobori "Memoria Demokratikoaren Lege berrian merezi duten tratua" emateko ahaleginean.

2022aren amaieran onartutako legeak batzorde tekniko bat planteatu eta ezartzen du 1978tik 1983ko abenduaren 31ra bitarteko trantsizioan izandako giza eskubideen urraketei buruzko azterlan bat egiteko, eta aitortza eta erreparazio bide posibleak aipatzen ditu. Ildo horretan, Memoria Demokratikoko Estatu idazkariak azpimarratu du batzorde horrek aztertuko duela 'Almeria Auziko' biktimen eta senideen egoera.

'Desmemoriados de Santander' elkarteak aitorpen instituzionala bultzatu zuen 2018an Kantabriako Parlamentuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Espainiako Gobernua argazkiak Espainia argazkiak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Kantabria gaur Gerra Zibileko biktimak Polizia indarkeriaren kasuak