Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Urkulluk Rajoyrekin biltzea 'erregutu' duela kritikatu du PSE-EEk
Bestalde, Jose Antonio Pastor bozeramaile sozialistak uste du D3Mko eta Askatasuneko kideen absoluzioak eragina izango duela Sorturi buruzko ebazpenean.
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak uste du Iñigo Urkullu EAJren presidenteak Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin biltzea "erregutu" duela, benetan ez duen "eragiteko gaitasuna" irudikatzeko.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, buruzagi jeltzalearen arazoa honakoa da: "Rajoyrekin biltzea erregutu du, eta Rajoyk gehiengo osoa duenez, ez dirudi Urkulluk nahi adinako jaramonik egiten dionik".
"Ez dakit zein den Urkulluren helburu zehatza bilera horiekin, ez dakit argazkia ateratzea duen helburu, Espainiako politikan benetan ez duen eragiteko gaitasuna irudikatzeko", gaineratu du Pastorrek.
D3Mren eta Askatasunaren ebazpena
Bestalde, buruzagi sozialistak esan du Auzitegi Nazionalak D3Mko eta Askatasuneko kideei emandako absoluzioak "eragina" izango duela Auzitegi Konstituzionalak Sorturi buruz emango duen ebazpenean.
Pastorren esanetan, ebazpenak "jurisprudentzia" ezar lezake. Izan ere, ideologikoki ezker abertzaleari lotuta dauden hautagaitzak sustatzea, bere horretan, ez dela legez kanpokoa ebatzi zuten.