Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Independentzia erreferendumari begira ez da komeni "presaka" ibiltzea, Otegiren ustez

Ibarrako EAJren zinegotzi batek pairatutako erasoa gaitzetsi du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, eta iritzi dio ezker abertzalea horren atzean egotea esatea "oso ausarta" dela. Horren esanetan, "bada interes bat gauza batzuez hitz egitekoa, beste batzuen ordez".

Otegi, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Otegi, elkarrizketaren une batean.
Otegi, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Heldutasun politikoaren ariketa" bat dela eta, Euskal Herrian independentziari buruzko erreferenduma egin egingo dela uste du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, baina azpimarratu du ez dela "presaka eta antsietatearekin" egin beharreko kontua. Horren iritzian, "mandatu demokratiko argia" behar da, eta espero du legegintzaldi honetan "aurrerapausoak" eman daitezkeela Eusko Legebiltzarrean. Aitortu du, ordea, hauteskunde urtea dela eta "gauza asko gerta daitezkeela". 

Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, EH Bilduko buruzagia ziur agertu da Kataluniak eta Euskal Herriak euren etorkizuna erabakiko dutela, "ezin zaio eta mugarik jarri". Argi du "arazo nazionalari heldu" behar zaiola, eta "baldintza demokratikoekin" egin behar dela: "Estatuak nazio aniztasuna aitortzeko bidean aurrera egin, eta onartu behar du Estatuan badaudela euren etorkizuna libreki eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea duten nazioak".  

Bestalde, Juan Luis Cid Ibarrako EAJko zinegotziak jasandako erasoaz galdetuta, "erabat gaitzetsi" eta "deitoragarritzat" jo du. Dena dela, azpimarratu du "oso ausarta" dela erasotzailea ezker abertzaleko norbait dela esatea. Argitu duenez, EH Bilduko alkateak berehala —gertakariak larunbatean jazo ziren— deitu zion Cidi laguntza eskaintzeko eta elkartasuna adierazteko. "Bitxiena da auzia astebete geroago lehertu dela hedabideetan, erasoaren atzean ezker abertzalea zegoela iradokitzeko prentsaurreko bat egon zenean", gaineratu du. Otegiren hitzetan, "bada interes bat gauza batzuez hitz egitekoa, beste batzuen ordez".

Azkenik, Ukrainara tankeak bidaltzeko Espainiak hartutako erabakia ere hizpide hartu du Otegik. Argi utzi nahi izan du koalizio subiranista erabat kontra dagoela, gatazka gordindu eta "heriotza gehiago eta irtenbide diplomatiko bat emateko aukera txikituko" duelakoan. EH Bilduren buruzagiaren aburuz, "Sanchezek Ukrainara armak bidali nahi baditu, gaia Kongresura eraman behar du, eta guk gogoraraziko diogu hori ezin duela euskal herritarren izenean egin", Euskadik NATOri ezetz esan ziolako, eta hori "errespetatu" behar delako.  

Era berean, balizko ondorioez ere gogoeta egiteko deia egin du. "Zer uste dute Errusiak egingo duela Krimea inbaditzen badute? Denok galtzen dugun agertoki batera joan nahi al dugu?, itaundu du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak