Politika -

Katalunia

ERCren bide-orri politiko berriaren hamar gakoak

ERCk ia aho batez onartu du larunbat honetan, bere 29. Kongresu Nazionalean, ibilbide-orri politiko berria. Besteak beste, adostutako erreferendumaren aldeko apustua egin du, eta gutxieneko baldintzak zein izan beharko liratekeen ezarri du.

Ponentzia aldeko 632 botoekin onartu dute. Argazkia: EFE
Ponentzia aldeko 632 botoekin onartu dute. Argazkia: EFE
Ponentzia aldeko 632 botoekin onartu dute. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ERCren 29. Kongresu Nazionalean parte hartu dutenen 632 kidek "Erreferendumaren bide demokratikoa" izeneko proposamenaren alde egin dute; zazpik, kontra, eta 14 abstenitu egin dira. Hala, hauek dira errepublikanoen txosten politiko berriaren hamar gakoak.

1) Elkarrizketaren eta adostutako erreferendumaren aldeko apustua. Independentistak eta "errefrendistak" direla esanda, adostutako erreferendumaren aldeko apustua berretsi dute errepublikanoek, independentzia lortzeko "biderik onena" baita, "nazioartean onartua eta homologatua izateko behar duen legitimitatearekin eta baliozkotasunarekin".

Gainera, Estatuarekiko negoziazio mahaia aldarrikatu du, baita sedizio delitua indargabetzeak dakarren "lorpen historikoa" ere. Hala ere, argi utzi du desjudizializazio prozesu horren azken helburua amnistia eta autodeterminazioa direla, eta horretarako independentismoak "indartsuagoa" izan behar duela eta gehiengo zabalak lortu behar dituela.

2) Kanadako Argitasun Akordioa. Quebecekin Kanadak duen bidea jarraituta, Pere Aragones Kataluniako presidenteak proposatutako Argitasun Akordioa nabarmendu dute: "Bide nagusia da Kataluniak erreferendum eraginkor bat bozkatzeko eta gatazka konpontzeko".

Bi faseko prozesua izango litzateke: lehenik, Kataluniako barne-eztabaida bat, eragile independentistekin, baina baita "independentistak edo subiranistak ez diren katalanistekin" ere, "irizpideak bateratzeko eta erreferendum baterako oinarriak eta baldintzak ezartzeko"; eta, behin "herrialde-proposamen" hori artikulatuta, Estatuarekin negoziazio-mahaira eramango litzateke, balizko kontsulta hori adosteko.

3) Montenegroko formula. Etorkizuneko eztabaida horri aurrea hartuta, ERCk erreferendumaren proposamena egingo luke, Montenegroko formulan oinarrituta. Izan ere, gogoratu duenez, horrek "Europako bermea jaso zuen, Montenegrok eta Serbiak, baita EBk ere, modu multilateralean eztabaidatu eta onartu ondoren".

Formula hori "galdera argia" eta erantzun bitarra izango lukeen erreferendum bat izango litzateke; Katalunian bizi diren 16 urtetik gorako herritar guztiek eta Kataluniako hauteskundeetan botoa emateko eskubidea duten egoiliar ez direnek bozkatu ahal izango lukete; eta independentziaren garaipenak gutxienez % 50eko parte-hartzea eta % 55eko "baietza" beharko lituzke. Horren ostean, "fede oneko" negoziazio prozesu bat irekiko litzateke Kataluniaren eta Estatuaren artean, Europako eta nazioarteko bitartekaritzarekin.

4) 2017ko ikaskuntzak. ERCren ustez, urriaren 1eko erreferenduma "desobedientzia baketsu eta demokratikoaren ariketa kolektiboa" izan zen, baina onartzen du "zintzoa" izan behar dela 2017an aurka izan zuten faktoreekin, hala nola "nazioarteko errekonozimendurik eza, unionisten mobilizazio etsaikor eta mehatxagarria, Estatuaren erasoa errepresio politiko gisa eta eragile sozial, politiko eta instituzional batzuen parte-hartzerik eza". Gertakari horiek "ustekabekoak" izan ziren, eta alderdiak "kontuan hartuko ditu hurrengo aldietan".

5) Espainiako ezkerrarekin aliantzak PP eta Voxen aurrean. Espainiako hurrengo legegintzaldian "eskuindar espainolisten" balizko gobernu baten aurrean, ERCk nazioarteko aliantzak ehuntzea defendatzen du, baina baita "Espainiako ezkerrarekin eta estaturik gabeko beste nazioekin estrategiak ezartzea" ere, Espainian eta, batez ere, "Països Catalans"eko erakunde subiranistekin.

6) Diskurtso antipolitiko independentistaren antidotoa. "Hegaldi laburreko taktizismoen eta alderdikerien" aurka, txostenak aniztasuna aldarrikatzen du independentismoaren indargune gisa, eta "polarizazioa" geldiarazteko eta "izaera xenofoboa eta antipolitikoa duten, erakunde propioak gutxiesten dituzten eta gizarte-kohesioa arriskuan jartzen duten gorroto-diskurtsoei" aurre egiteko deia egiten du; horren aurka, ERC "antidoto" gisa kokatzen du.

7) B-40 errepidearen eta aireportua handitzearen aurka. Aurrekontuen inguruko negoziazio betean, eta akordio bat lortzeko asmoz, ERCk PSCren aurrean amore eman eta Valleseko B-40a gauzatzea onartu eta egun batzuetara, batzorde txostengileak zehaztu du hori ez dela bere mugikortasun-eredua, eta ohartarazi du ez duela onartzen "Renfe zuzendu eta egungo anabasa bihurtu dutenen kudeaketa-leziorik, ezta ere Estatuak inposatutako proiektu anakronikoak defendatzen dituztenenak, hala nola Laugarren Ingurabidea edo aireportua handitzea".

8) Bartzelona jomugan duten udal-hauteskundeak. Maiatzeko hauteskundeak ere dokumentuan agertzen dira, metropoliko hirietan "jauzi handia" eta Bartzelonan garaipena lortzea espero duena; gainera, ERCk "lehentasuna" ematen die udaletan eta tokiko erakundeetan alderdi independentistekin edo "autodeterministekin egindako akordioei, udalerriek independentziaren alde lan egitea onartzen badute".

9) Independentzia lortzeko gobernu ona. ERCren ustez, independentziara iristeko modurik onena "gobernu onaren" bidez eta politika "errepublikano garbien" erabilgarritasuna frogatzea da. Horretarako, gobernu-erantzukizun posible guztiak hartu behar ditu bere gain.

10) Katalanaren "minorizazioa" saihestea. Puntu horiei katalana "gizarte-kohesioaren ardatz" eta "Kataluniako berezko hizkuntza" gisa sustatzea ere gehitu behar zaie; baina ERCk ohartarazi duenez, "aldaketa demografikoen eta kultura-ondasunen kontsumoaren ondorioz, gaztelania da sozializazio-hizkuntza nagusia", eta, beraz, joera hori aldatzeko eskatu du, katalana hizkuntza "minorizatu" bihur ez dadin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Eguneko albisteak Albisteak ERC