Politika -
Sortu legeztatu dute
'Euskadin parte-hartze politikoa ez du jada ezerk itxuraldatuko'
Javier Perez Royo katedradunak, Sorturen estatutuen egileetako batek, Radio Euskadin esandakoaren arabera, "Espainiako gizarteak lehendik barneratuta zuen Sorturen legeztatzea".
L. Etxazarra
Javier Perez Royo Konstituzio Zuzenbideko katedraduna eta Sortu legeztatu berriaren estatutuen egilekideak azpimarratu egin du "aspaldiko partez eta lehen aldiz, ezerk ez duela euskal herritarren parte-hartze politikoa itxuraldatuko".
Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Sorturen presentziak gainontzeko alderdiak "politikan duten lekua berriro aztertzera" derrigortuko dituela esan du Perez Royok, baina azterketa hori ezker abertzaleak berak ere egin beharko duela gaineratu du, izan ere, ikusteke baitago legezko testuinguru politikoan Sortuk "zer nolako sendotasuna" agertzen duen.
Katedradunak garrantzia kendu dio zenbait hedabidek eta talde politikok legeztatzearen aurrean agertutako jarrera zakarrari. Perez Royoren iritziz, talde "oso txiki" baten "azken purrustada" baino ez da, eta talde horiek ez dute iritzi publikoan eraginik izateko indarrik. Izan ere, Sorturen legeztatzea "barneratuta, ondo barneratuta dauka Espainiako gizarteak".
Epaia, "eboluzioaren isla"Bestalde, Javier Perez Royorentzat, Konstituzionalaren epaia bereziki esanguratsua da "Auzitegi Konstituzionalean bertan eman den eboluzioaren isla delako". Katedradunaren arabera, esanguratsua da kontrako botoa eman duten bost epailetatik bik boto partikularrik ez ematea, horrek zenbait magistraturen jarrera "bigundu" egin dela agertzen duelako.
Perez Royoren hitzetan, Auzitegi Gorenaren erabakiaren (Sortu legez kanpo utzi zuen) eta Konstituzionalaren erabakiaren arteko ezberdintasunak azalpen argia dauka: Gorenarentzat, Sorturen auzia 2003an Batasuna legetik kanpo utzi zuen epaiaren jarraipena baino ez zen, eta, ondorioz, Gorenak erabakia hartuta zuen "Sorturen auzia aztertzen hasi baino lehen".