Politika -

Legeztatzea

Sortuk dio ebazpenarekin 'ilegalizazioen aroa gainditu' dela

Alderdiaren sustatzaileek iragarri dutenez, gutxi barru prozesu eratzailea jarriko dutela martxan eta alderdiko kideak izendatuko dituzte, "sortzaile" izango direnak.

Iñigo Iruin abokatua eta Maider Etxebarria geologian doktorea. Argazkia: Efe
Iñigo Iruin abokatua eta Maider Etxebarria geologian doktorea.
Sortuk prozesu eratzailea hasiko du berehala

01:49

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sorturen sustatzaileek iragarri dutenez, gutxi barru prozesu eratzailea jarriko dute martxan eta herrietako eta auzoetako ezker abertzaleko kideek parte hartuko dute. Gainera, alderdiko kideak izendatzeari ere ekingo diote. Kide horien izena "sortzaile" izango da.

Iñigo Iruin eta Adolfo Araiz abokatuek eta Maider Etxebarria geologian doktoreak prentsaurrekoa eman dute Bilbon ebazpenaren inguruko iritzia emateko eta Sorturen legeztatzeak "ilegalizazioen aroa gainditzea" ekarriko duela adierazi dute.

Gaineratu dutenez, "herri oso baten garaipena izan da, tranpolin lanak egin ditu Sortu legezkoa izan dadin eta duela 15 hilabete hartutako erabaki politikoa (ilegalizazioa) iraultzeko".

Alderdi politiko berria bake prozesuan "eragile bat gehiago" izango dela azpimarratu dute, eta "atzotik aurrera milaka abertzale ezkertiarrek konpartitzeko, eraikitzeko eta dinamizatzeko etxe bat" izango dutela.

Iruinek espero du ebazpenak "bere isla" izango duela beste prozesu batzuetan, "Auzitegi Nazionalean bereziki"; izan ere, oraindik Batasunaren, ANVren eta EHAKren kontrako prozesuek bere horretan diraute.

Sustatzaileen ustez, Sorturen legalizazioak "are ulertezinago" bihurtzen ditu Bateragune auziko kondenak, "argi baitago bost zigortuek parte hartu zutela alderdia sortu zen hausnarketa prozesuan".

Hori horrela, Iruinek iragarri du Bateragune auziko helegiteak "gaur eta bihar" aurkeztuko dituztela, eta Konstituzionalak zigorrak bertan behera uzteko itxaropena agertu du.

Abokatuak salatu du Sortu "badaezpada" legez kanporatu zutela, erabakia "jardunean hasino baino lehenago" hartu zutelako.

Halaber, kezka agertu du atzo Alberto Ruiz-Gallardon ministroak egindako adierazpenak direla eta. Izan ere, Sorturi "askatasun behatua" ezarri diotela ulertzen dutela azaldu du.

Iruinen esanetan, hori ez da legezkoa eta Gobernuaren "planteamendu politikoa" da, "hainbat sektoretako kritikak leuntzeko".

Bestalde, Iñigo Iruin abokatuak azpimarratu du ezker abertzalearen "sinesgarritasun politikoa jokoan" dagoela Sortu legeztatu ostean, alderdiaren estatutuek ETAren indarkeria gaitzesten baitute.

Gainera, Iruinek argi adierazi du 2011ko otsailean Sorturen estatutuak aurkeztu zituztenean "atzera itzulerarik gabeko" bidea hasi zuela ezker abertzaleak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea