Politika -

Tortura

Torturatuek aitortza eta erreparaziorako konpromisoa eta ekimen irmoak eskatu dizkete gobernuei

Egiari Zor Fundazioak Intxaurrondon egin duen agerraldian, Hegoaldean 5000tik gora tortura kasu egiaztatu direla salatu dute, eta isildu eta ezkutatu egin direla horien erantzukizun eta ondorioak. Nafarroako eta EAEko gobernuei horiek aintzat hartu eta erreparaziorako ekimen irmoak eskatu dizkiete.

Egiari Zor Fundazioak deitutako agerraldia, gaur, Intxaurrondon. Xabier Urteaga | EITB MEDIA
Egiari Zor Fundazioak deitutako agerraldia, gaur, Intxaurrondon. Xabier Urteaga | EITB MEDIA
Egiari Zor Fundazioak deitutako agerraldia, gaur, Intxaurrondon. Xabier Urteaga | EITB MEDIA

Olatz Prat | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Hemen bildutakoak Euskal Herriko historia hurbileko hainbat unetan tortura geure azalean jasan dugunon testigantza bizia gara. Euskal Herriko torturatuak gara". Karpeta urdinak eskutan, 1960az geroztik torturak jasan dituzten 200dik gora lagun elkartu dira Intxaurrondoko Gabriel Zelaia plazan. Astelehen honetan, otsailak 13, Torturaren Aurkako Eguna izango da eta, horren atariko, agerraldia egin dute gaur Egiari Zor fundazioak deituta. 

Gogora ekarri dute Kriminologiaren Euskal Institutuak Nafarroako Gobernuari aurkeztutako txostenaren arabera, gutxienez 1.068 tortura kasu izan direla Nafarroan 1960tik, eta, Euskal Autonomia Erkidegoan, 2017an egindako txostenaren arabera, 4.311 izan direla Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan argitara atera diren tortura kasuak: 5.379 tortura kasu, beraz, datu ofizialen arabera;"Badakigu, hala ere, ez direla guztiak", azaldu dute Patxi Arratibel eta Ixone Fernandez bozeramaileek. 

Nabarmendu dutenez, "kopuru izugarriaz mintzo gara gurea bezalako herri txiki batentzat eta, horrek, Euskal Herrian modu masibo eta sistematikoan torturatu dutela adierazten du. Baina tortura zenbakiez harago doan errealitatea da, kasu edo kopuruek islatzen duten zauria sakonagoa da, eta bere ondorio politiko, sozial, kultural eta gizatiarrak ez dira oraindik bere osotasunean ezagutzen". Gaineratu dutenez, "inpunitate osoz aurrera eramandako praktika bat izan da, polizien, politikarien, mediku-forentseen, epaileen eta hedabideen kolaborazioarekin". 

Nafarroa Garaiko eta Lakuako gobernuen txostenek "zigilu ofiziala izan arren", torturatuon aitortzarako eta erreparaziorako bideak, oraindik orain, "hutsune nabariak" erakusten dituztela salatu dute, "hutsune mingarriegiak"; eta adibide gisa jarri dituzte EAEn txostena garatu ez izana: "kaxoi baten barruan itxiz, ikusezin egin nahi duten errealitatea balitz bezala"; edo Nafarroa Garaian 1979-2015 epeari zegokion txostena hainbat urte atzeratu izana, "publiko egiteko egon diren oztopo guztiengatik".

Horren aurrean, torturaren ondorioak eta erantzukizunak "isildu eta ezkutatu" direla salatzearekin batera, tortura kasu horiek aintzat hartu eta torturatuen "aitortza eta erreparazio sozial, politiko eta instituzionalaren bidean sakontzeko konpromiso eta ekimen irmoak" eskatu dizkiete Nafarroa Garaiko eta EAEko Gobernu eta arduradun instituzionalei, bai eta ez errepikatzeko bermeak ezartzeko mekanismoak gara daitezen ere, "torturak gure herrian izan duen dimentsio osoa ezagutu ahal izateko". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Nafarroako Gobernua berriak Polizia abusuen kasuak