Politika -
Ezker abertzalea, legeztatuta
Otegiren abokatuek Sorturen epaiko argudioak erabiliko dituzte
Jone Goirizelaia abokatuak esan du Konstituzionalaren "irizpide berriak" Bateragune auziko epaia aldatzeko baliagarri izatea espero duela.
David Perez
Sorturen legalizazioak Arnaldo Otegiren espetxe zigorraren eztabaida piztu du berriro.
Izan ere, Goi Auzitegiaren erabakiak paradoxa juridiko bat sortu du: ezker abertzalearen alderdia legeztatu egin dute, baina proiektu horren hastapenetan izan ziren buruzagiak, tartean Otegi bera eta Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusi ohia, kondenatu egin zituzten.
Iazko irailean, Auzitegi Nazionalak 10 urteko espetxe zigorra ezarri zien Otegiri eta Diezi, eta zortzikoa Miren Zabaletari, Arkaitz Rodriguezi eta Sonia Jacintori, Bateragune auziaren baitan, erakunde terroristako buruzagiak izatea egotzita.
Orduan, epaileek argudiatu zuten kondenatuak Batasunaren egiturak berriz antolatzen eta "indar independentisten metaketa" egiten saiatu zirela, ETAk aginduta.
Handik eta zortzi hilabetera, Auzitegi Gorenak espetxean mantendu zuen Otegi, baina zigorra 10 urtetik 6ra jaitsi zion.
Bateragune auziko epaiketan, Batasuneko bozermaile ohiak indarkeriatik aldendu zela erakusteko adierazpenak egin zituen, hala nola "ETAren indarkeria oztopo da" eta "indarkeriaren erabilerak, arazoak konpondu baino gehiago, zaildu egiten ditu".
Dena dela, Auzitegi Nazionalak ebatzi zuen auzipetuek ez zutela indarkeriaren arbuio zehatza egin, eta ez zutela lotura hautsi ETArekin.
Orain, Konstituzionalak beste interpretazio bat egin du, eta ezker abertzaleak Sorturen estatutuetan jasotako arbuioa "argia" dela iritzi dio.
Iñigo Iruin ezker abertzaleko abokatu eta Sorturen estatutuen egileak beste kontraesan bat aipatu du: Bateraguneren epaian froga gisa onartutako hainbat txosten Bilduren eta Sorturen legalizazio prozesuetan ere erabili dituzte, "baina, kasu horietan, Konstituzionalak ez ditu balioetsi".
"Alderdi politiko bat legez kanporatzeko balio izan ez duten frogak ezin dira argudio gisa erabili erakunde terroristako kide izatea egozteko eta kondena penala ezartzeko", ohartarazi du.
Konstituzionalaren irizpide berriak eskuan, Bateragune auziko kondenatuen defentsek epaiaren aurkako helegiteak aurkeztuko dituzte gaur eta bihar.
ALDERDIEN JARRERAK
Sortu legeztatu eta gero, euskal alderdi gehienak Otegi askatzearen alde agertu dira.
Hori horrela, Joseba Egibarrek (EAJ) "zentzugabe"tzat jo du Otegik espetxean jarraitzea. Horren ustez, "nekez" argudiatu daiteke ETAren indarkeria desagertzea sustatzen ari ziren pertsonek kartzelatuta segitzea.
Jose Antonio Pastor (PSE-EE) iritzi berekoa da. Bozeramaile sozialistaren esanetan, "argi" dago "kontraesana" dela Sortu legeztatzea eta Otegik kartzelan jarraitzea.
Pello Urizar (Bildu) eta Dani Maeztu (Aralar) irmoagoak agertu dira, eta Batasuneko bozeramaile ohia askatzea eskatu dute.
Antonio Basagoiti eta Gorka Maneiro aurka agertu dira. Hori horrela, EAEko PPko presidenteak ohartarazi du ezker abertzalea "legezkoa" dela orain, "baina ez da demokrata", eta UPyDko legebiltzarkideak gogorarazi du Batasuna ohiak ez duela ETA gaitzetsi, ez diola desegitea exijitu, eta ez duela barkamena eskatu.
Erabakia, berriz ere, Auzitegi Konstituzionalaren esku izango da.