Politika -
Polemika
Ika-mika Espainiako eta EAEko Gobernuetan, Vueltako segurtasunagatik
Ares "kezkatuta" agertu da "Guardia Zibila iazko akordioan adostutakoa betetzeko trabak jartzen ari delako".
Erredakzioa
Euskaditik igaroko diren Espainiako Vueltako bi etapen segurtasun planak eztabaida sortu du Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean.
Barne Ministerioaren arabera, ekainaren 5ean gobernu biak ados jarri ziren Ertzaintzak eta Guardia Zibilak segurtasun lanaren ardura partekatzeko. Hala ere, Herrizaingo Sailak aditzera eman duenez, ez zuten akordiorik egin, zehazteke zeuden zenbait proposamen aztertu zituzten.
Barne Ministerioan harrituta geratu dura Rodolfo Ares sailburuak ostiralean bidalitako mezuarekin. Idatzi horretan, Aresek Segurtasun Batzordeak bilera egitea eskatzen du, eta eztabaidatzeko gaien artean, Espainiako Vuelta agertzen da.
Ares "kezkatuta" agertu da "Guardia Zibila iazko akordioan adostutakoa betetzeko trabak jartzen ari delako, batez ere, segurtasun indar ezberdinek lasterketan izan behar duten lekuari dagokionez ".
Ministerioak, berriz, ekainearen 5ean 18:00etan egindako bilera aipatzen du, Ignacio Ulloa Segurtasunerako estatu idazkariaren bulegoan. Bilera horretan Ares bera izan zen eta Vueltan bete beharreko segurtasun neurriak aztertu zituzten.
Ertzaintza "gutxiestea"Gobernuko informazioen arabera, hasiera batean, segurtasunaren ardura guztia Ertzainak izatea nahi zuen Jaurlaritzak, baina azkenean Guardia Zibilaren moto-gidariek ere parte-hartzea adostu zuten. Ertzaintza lasterketa EAEn sartzean hasiko litzateke lanean.
Herrizango Sailak, aldiz, akordiorik ez zela egon azpimarratu du eta Ertzaintzaren lana "gutxiesten" duen edozein egoera saihestu nahi du, segurtasun lanetan Guardia Zibilen aginduetara egotea, esaterako.