Politika -
M8-AREN ATARIAN
'Bai bakarrik da bai' legearen erreforma eta parekotasun lege berria, M8ko astearen ardatz politikoak
Dirudienez, 'bai bakarrik da bai' legea erreformatzeko PSOEk aurkeztutako proposamenaren aurka bozkatuko du Unidas Podemosek. Sorpresarik ezean, Alderdi Sozialistak erreforma aurrera aterako du Kongresuaren eskuineko alderdien babesari esker (Vox barne).
EITB MEDIA
M8ko aste honetan, interes politiko handiko gertakari bi izango dira Espainiako Diputatuen Kongresuan: 'Bai bakarrik da bai' legea erreformatzeko PSOEk aurkeztutako erreformaren inguruko eztabaida eta Ministroen Kontseiluak asteartean parekotasuna bermatzeko onartuko duen lege berria.
Desadostasun maila gorenera helduta iritsiko dira Espainiako Gobernuko bi kideak (Alderdi Sozialista eta Unidas Podemos) Emakumearen Nazioarteko Egunera. Izan ere, Irene Montero ministroak sustatutako legearen ondorioz sexu-erasotzaileei zigorrak murrizteko zabaldu den bidea itxi nahi du Gobernuaren alde sozialistak.
Guztira, 721 zigor murriztu, eta gutxienez 74 sexu-erasotzaile askatu dituzte, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak zabaldutako azken datuen arabera. Hauteskunde urtean gaude, eta askatze horiek hautetsontzietan ordainduko dituzten beldur dira sozialistak.
PSOEk egindako proposamenean, indarkeria eta larderia azpimota larriagotu gisa agertzen dira, eta zigor batzuk aldatu ditu. Unidas Podemosentzat, horrek baimena berriro baliorik gabe uztea eta La Manadaren Zigor Kodera itzultzea ekarriko du. Ondorioz, ez dute PSOErekin akordiorik nahi, baina biltzen jarraitzeko eskaera egin dio Alderdi Sozialistari.
Sorpresarik ezean, ez dira ados jarriko, eta PSOEk aurrera aterako du bere erreforma Kongresuaren eskuineko alderdien babesari esker (Vox barne). Horrek hautsak harrotu baditu ere, agintaldi osoa betetzeko asmoa erakutsi dute bai PSOEk baita Unidas Podemosek ere.
Parekotasuna politikan eta enpresa pribatuan
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuak larunbat honetan iragarri duenez, erabakitze-organoetan emakumeen eta gizonezkoen Ordezkaritza Parekiderako Legearen tramitazioa onartuko du asteartean Ministroen Kontseiluak. Lege horrek aurreikusten du emakumezkoen eta gizonezkoen ordezkaritza parekidea izan beharko dela politika arloko erabakitze-organoetan (esaterako, Ministroen Kontseiluan bertan) eta enpresa handien administrazio-kontseiluetan.
Unidas Podemosentzat ez da nahikoa, Irene Montero Berdintasun ministroaren esanetan, parekotasuna delako feministak erakundeetan izatea. PPren ustez, berriz, "feminismoan urteaz egindako akatsak estali nahi duen iragarki mediatikoa baino ez da" Sanchezek iragarritako legea.
Bestalde, Irene Monterok bere legeak ekarritako ondorioei buruz Cs-ek plazaratutako galderari erantzun beharko dio. Gai horri buruz ere galdekatuko dute Yolanda Diaz bigarren presidenteordea, kasu horretan Alderdi Popularrak, eta Emakumearen Nazioarteko Eguna zelan ospatuko duen galdetuko diote.