Politika -
Eusko Jaurlaritza
EH Bilduk salatu du Etika Batzordeak ez duela anonimotasuna bermatzen eta legebiltzarkide bat mehatxatu dutela
Unai Fernandez de Betoñok organo horretara jo zuen Jaurlaritzako goi kargudun baten jarrera salatzeko, eta haren abokatuak mehatxu egin zion gero. Horregatik, batzordea desegiteko eskatu dute.
eitb media
EH Bilduk salatu du Eusko Jaurlaritzaren Etika Publikorako Batzordeak ez dituela babesten praktika irregularrak salatzen dituztenen eskubideak. Izan ere, Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkideak azaldu duenez, organo horretara jo zuen Eusko Jaurlaritzako goi kargudun baten jarrera salatzeko, eta anonimotasun berme guztiak hautsita, haren abokatuak mehatxu egin zion gero.
Hori horrela, salatzaileen eskubideak babesten ez dituela ohartarazita, EH Bilduk berehala desegiteko eskatu du euren ustez ardurarik gabe jokatzen duen etika batzorde hori.
Unai Fernandez de Betoñok azaldu duenez, duela bi urte jo zuen Jaurlaritzaren Etika Batzordera, Ivan Pedreira Garraio Saileko goi kargudunaren jokabidea salatzeko, iritzita enpresa pribatu batekin izandako harremanak kode etikoak hausten zituela. Salaketa horren harira, berez anonimotasuna bermatuta izan beharko lukeen EH Bilduko legebiltzarkideak ziurtatu du Pedreiraren abokatuak epaitegietara jotzearekin mehatxu egin ziola, hain zuzen ere Etika Batzordeak Garraioko arduradun horri kargu hartu eta bederatzi egunera.
Gaineratu du Olatz Garamendi sailburua bera jakitun zela egoeraz, baina Garraio Sailak oraingoz ez du erantzun nahi izan.