Politika -

Euskal Autogobernua

Jaurlaritzak Konstituzionalera joko du, Estatuak Europako funtsak kudeatzeko tresna bat "inposatu" duela eta

Auzitegian konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa jartzeari oniritzia eman diote gaur gobernu-bileran. Argudiatu dutenez, Espainiako Gobernuaren erabakiak "euskal autogobernua urratzen du, Jaurlaritzaren betearazpen lanetan sartuta".

Auzitegi Konstituzionalaren egoitza, artxiboko argazki batean. EITB Media
Auzitegi Konstituzionalaren egoitza, artxiboko argazki batean.
Auzitegi Konstituzionalaren egoitza, artxiboko argazki batean. EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak, gaurko gobernu-bileran onartu duenez, konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa jarriko du Espainiako Estatuak Next Generation Europako funtsen kudeaketaren harira hartu duen erabaki bat tarteko. Zehazki, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko (PRTR, gaztelaniaz) funtsen dirulaguntzak eta kontratuak izapidetzeko tresna informatiko jakin bat "inposatu" izanaren kontra egingo du Jaurlaritzak, aginduak EAEko autogobernua urratzen duela iritzita

Gobernu-bileraren osteko prentsaurrekoan, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu du zerbitzu juridikoek aholkatuta hartu dutela Konstituzionalera jotzeko erabakia. Horren arabera, Estatuak "alde bakarrez eta aldez aurretik kontsultatu gabe" ebatzi zuen aplikazio hori ezartzea. EAEk, baina, bere tresna propioa garatzeko "eskumena eta gaitasun teknikoa du, eta hala aitortu behar zaio". Bestela, Euskadik Estatukoa erabiltzea aukera zezakeen, bere borondatez, Zerga Agentziarekin egindako hitzarmen baten bidez. 

Jaurlaritzak Konstituzionalera jotzea onartu badu ere, auzia judizializatzea saihestu nahi du, eta hala, negoziatzeko deia egin dio Madrili, Aldebiko Batzordearen bilera deituta. Era berean, Gobernu Kontseiluak onartu du eskumenik ezaren errekerimendu bat bidaltzea Estatuari, Sanchezen Gobernuak esan dezan tresna hori erabiltzera behartzeko eskumenduna den ala ez. Erantzun horren arabera, Eusko Jaurlaritzak bide juridikoa irekita izango lukeela ulertuko luke.

Minerva du izena Espainiako Estatuak ezarritako informatika tresnak, eta "automatikoki ebaluatzen du" euskal kargu eta enplegatu publikoek laguntza eskatzaileekin edo lizitatzaileekin izan ditzaketen "interes gatazken arriskua Europako funts horiek banatzerakoan". Are gehiago, Jaurlaritzako kideak ere "Zerga Agentziaren plataformaren zenbaketaren mende daude zuzeneko dirulaguntzak ematerakoan".

Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek ohartarazi dutenez, "arriskutsua" da euskal prozeduretan Estatuko tresnen ezarpena onartzea, Estatuak, azkenean, erabilera inposatu dezakeelako administrazioan. "Horrek esan nahi du EAEk esleituta dituen zeregin publikoetan esku-sartze ez legitimoa izango litzatekeela, Estatuak gure prozeduretan jarduketa material exekutiboak egingo lituzkeelako, Gernikako Estatutuak aitortzen duenaren aurka", nabarmendu dute.

Horrekin batera, aplikazio hori ezartzeko aginduak (Estatuko Aurrekontuen Legean xedapen gehigarri gisa jaso dute) "kontsulta eginkizunak esleitzen dizkie iruzurraren aurkako zenbait batzorderi, baina horiek ez dira EAEn ezarri, ez baitago horretarako betebeharrik". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Auzitegi Konstituzionala EAEko Autonomia Estatutua