Politika -

Transferentziak

Trafikoko eskumena Nafarroari eskualdatuko zaiola argitaratu du Estatuko Aldizkari Ofizialak

Nafarroako eta Espainiako gobernuek martxoaren 22an ofizializatu zuten transferentzia, baina uztailaren 1ean gauzatuko da.

Trafikoko transferentziaren inguruko akordioa.
Trafikoko transferentziaren inguruko akordioa.
Trafikoko transferentziaren inguruko akordioa.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuko Aldizkari Ofizialak argitaratu du trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloko eskumenak Nafarroako Foru Erkidegoari eskualdatu zaizkiola. Espainiako Gobernuak eta Nafarroakoak martxoaren 22an sinatu zuten transferentzia akordioa, baina uztailaren 1ean gauzatuko da.

Ministroen Kontseiluak akordio hori onartu ondoren, aldizkariak errege dekretu xehatua argitaratu du Nafarroako agintarien eskumenekoak izango diren zerbitzuak zehazteko: administrazio zehapenak ezartzea, azterketa psikofisikoak, sentsibilizazio eta berreziketa ikastaroak, prestakuntzako kanpainak, udaltzainentzako jarraibideak, zaintza, kirol probak eta bizikleta ibilaldiak, ibilgailu historikoen ekitaldiak baimentzea eta tasak.

Aitzitik, Espainiako Gobernuak beretzat gorde ditu hurrengo eskumenak: trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko arauak; gidabaimenak ematea eta berrikustea; merkantzia arriskutsua gidatzeko baimenak trukatzea, matrikulatzea eta zirkulazio baimenak ematea; zirkulaziorako aldi baterako baimenak, eta autoeskolen ibilgailuen erregistroak.

Transferentzia horren "paketearen" barruan, Estatuko Gobernuak zazpi ibilgailu eta hainbat neurgailu utziko dizkio Nafarroari, alkoholimetroak eta Trafikoko Buruzagitza Nagusiaren zinemometroak, kasu. Nafarroako Trafikoko Probintziako Buruzagitzari atxikitako hiru lanpostu ere eskualdatuko dira. Nafarroako Segurtasun Batzordearen barruan, berriz, batzorde espezifiko bat sortuko da trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruz, bi administrazioen artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Politika Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua albisteak Nafarroako Foruzaingoa