Politika -
MIKEL ZABALZA AUZIA
Arturo Espejo mailaz igo izanak duela 37 urteko puntura itzultzea eragin du, Zabalza Garate familiaren arabera
Idoia Zabalzak salatu duenez, Estatuak tortura saritu nahiago izan du egia eta justizia bilatu beharrean.
O. A. | EITB MEDIA
Mikel Zabalzaren familiak salatu duenez, Arturo Espejo Valero guardia zibila mailaz igo izanak gertaturikoa argitzeko esperantzak zapuztu dizkie, eta gogorarazi die "duela 37 urte ginen puntu berean gaudela". Idoia Zabalzaren esanetan, Espainiako Gobernuak tortura saritu nahiago izan du, egia eta justizia bilatu beharrean, "alde batera utzita Nazio Batuen biktimekiko irizpideak". Halaber, iraintzat jo du guardia zibilaren maila igoera eta begiak zabaltzeko balio izan diela azaldu du.
Mikel Zabalza 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuten Donostian, beste bost pertsonarekin batera; kargurik gabe aske geratu ondoren, torturak salatu zituzten bostek. Zabalzaren gorpua, baina, 19 egun geroago aurkitu zuten, Bidasoa ibaian, eskuburdinak jarrita zituela.
Bertsio ofizialaren arabera, Guardia Zibilarengandik ihes egin zuen eta Bidasoa ibaian itota hil zen, Endarlatsan. Familiak beti uste izan du, ordea, Intxaurrondoko kuartelean hil zela, torturatuta.
Arturo Espejo Valero guardia zibila izan zen, hain zuzen ere, Mikel Zabalzaren atxiloketa eta Intxaurrondoko galdeketa gidatu zuen guardia zibila.
Zabalza Garate sendiak, Mikel Zabalza Gogoan plataformak, Nafarroako Torturatuen Sareak eta Aezkoako Batzarrak prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Orbaizetan, besteak beste, Espejo Valero guardia zibilaren maila igoera salatzeko eta senideei babesa emateko.
Mikel Zabalza Gogoan plataformak hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu du, Zabalza auziko dokumentuak desklasifikatzeko, egia aitortzeko eta egindako mina erreparatzeko. "Torturatzaileen zigorgabetasuna erabatekoa da, eta horrek torturatuen birbiktimizazioa dakar eta, bide batez, elkarbizitzari kalte egiten dio", gaineratu du.
Nafarroako Torturatuen Sarearen hitzetan, ez da etikoa batetik aitortzea eta erreparatzea eta, bestetik, mailaz igotzea eta dominak jartzea. Ildo horretan, "nahikoa" dela eta ez dutela horrelakorik onartuko azpimarratu dute.
Azkenik, Aezkoako Batzarrak iragarri du Zabalza auzian nahastutakoak persona non grata izendatzeko prozesua abiatu duela.