Politika -
EPPK
Presoen bitartekariek bilerak egingo dituzte eragile politikoekin
Bitartekari taldea kazetarien aurrean aurkeztu dute gaur, Bilbon. Ezker abertzaleari lotutako pertsona, ETAko preso ohi eta abokatu batzuek osatzen dute aipatu taldea.
Erredakzioa
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) "Euskal Herriko eta nazioarteko" eragile politikoekin bilerak egiteko bitartekari talde bat sortu du. Presoen egoerari "irtenbidea" bilatzea izango da bitartekari talde horren helburu nagusia, gaur azaldu dutenez.
Bitartekari taldea kazetarien aurrean aurkeztu dute gaur, Bilbon. Ezker abertzaleari lotutako pertsona, ETAko preso ohi eta abokatu batzuek osatzen dute aipatu taldea.
Gaurko agerraldian, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez dokumentu bat irakurri dute. Espetxeetatik kanpo, euskal presoen "bitartekaritza" erraztu nahi dutela azpimarratu dute, "Espainiako eta Frantziako Gobernuek izan duten jarrera itxiari aurre egiteko".
"Premiazkoa da jarrera hori bertan behera uztea eta espetxeetako egoera konpontzeari atea irekitzea", adierazi dute.
Datozen egunetan hasiko dituzte eragile politikoekin elkarrizketak. Agerraldian ez dute norekin batzartuko diren argitu.
Hauek dira talde horretan arituko diren 25 pertsonen izenak: Gabi Mueska, Peio Sánchez, Saioa Galarraga, Karlos Ezkurra, Aintzane Orkolaga, Oskar Demiguel, Asier Aranguren, Estanis Etxaburu, Oier González, Aitziber Sagarminaga, Kandido Zubikarai, Jon Agirre, Iñigo Elkoro, Arantza Zulueta, Itziar Galardi, Bego Uzkudun, Mertxe Galdos, Josetxo Otegi, Gaizka Jareño, Mitxel Sarasketa, Jose Campo, Izaro López, Nerea Garro, Jon Enparantza eta Egoitz López de la Calle.