Politika -

ETAren aurkako operazioa

'Gobernua aro berria existituko ez balitz bezala jokatzen ari da'

Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko ordezkariak gogoratu du ETAk urriaren 20an "behin eta betiko" bukatu zuela "bere jarduera armatua".

Maribi Ugarteburu, ezker abertzaleko ordezkaria. Argazkia: EITB.
Maribi Ugarteburu, ezker abertzaleko ordezkaria. Argazkia: EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezker abertzaleak Juan Mari Mujika ETAko ustezko kidearen atxiloketa "salatu" du. Espainiako Gobernua, "Frantziakoaren eta poliziaren kolaborazio estuarekin", Euskal Herrian "irekitako aro politikoa existituko ez balitz bezala" jokatzen ari dela kritikatu du.

Ohar batean, Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko ordezkariak gogoratu du ETAk urriaren 20an "behin eta betiko" bukatu zuela "bere jarduera armatua".

"Harrez gero Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak erabaki horren benetakotasuna eta atzeraezintasuna egiaztatu ahal izan ditu. Areago, ETAk berak publiko egin du Frantziako eta Espainiako gobernuekin elkarrizketei ekiteko erabateko prestutasuna duela gatazkaren ondorio guztiak konponbidean jartzeko, hala nola, egitura militarren desegitea, desarmea, preso eta exiliatuen etxeratzea eta desmilitarizazioa", gaineratu du.

Ugartebururen iritziz, "tantaka eta etengabe" egiten ari diren "atxiloketa politikoen bidez", Espainiako eta Frantziako gobernuek "errealitateari bizkarra ematen ari dira, eta existitzen ez diren mamuak haizatzen ETAren inguruan".

"Egoera berrian gaude. Beraiei gustatu ala ez, ETAk behin betiko jarduera armatua alboratu du. Euskal jendartearen gehiengoak bake prozesu demokratiko atzeraezina eskatzen eta bultzatzen du. Eta, beraz, atxiloketa politikoekin eta bestelako salbuespenezko araudi eta politikekin jarraitzea, guztiz ulertezina da bertako jendartearen gehiengoarentzat", adierazi du.

Espainiako eta Frantziako gobernuei "sufrimendu gehigarriak" alde batera uzteko eskatu die, "aro politiko berriak eskatzen duen maila eta erantzukizunarekin jokatzen has daitezen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea