Politika -

Estatutua

Lehendakariak Sanchezi: "Nire agenda etengabe irekita dago gai positiboez hitz egiteko"

Iñigo Urkulluk adierazi du agendak aztertzen ari direla hitzordua ixteko, Sanchezek apirilaren 14an bilera bat eskatzeko bidali zion azken gutunari erantzun ostean.

Iñigo Urkullu. Argazkia: EFE.
Iñigo Urkullu
Iñigo Urkullu: ''Nire agenda beti prest dago Euskadiren aldeko gaiak jorratzeko''

0:28

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan, bere agenda "etengabe dago irekita" Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin bilera bat izateko, "Euskadin eragin positiboa izan dezaketen gaiak" jorratzeko.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara heldu denean egin ditu adierazpenok Urkulluk, kazetariek Sanchezekin egitekoa duen bileraren inguruan galdetu diotenean. Bilera horretan, besteak beste, transferitu gabe dauden transferentziak eta euskal agintariak Makroeskualde Atlantikoa sortzeko egindako eskaria aztertuko dituzte.

Lehendakariak adierazi du agendak aztertzen ari direla hitzordua ixteko, Sanchezek apirilaren 14an bilera bat eskatzeko bidali zion azken gutunari erantzun ostean. "Presidenteak erantzun dit agendak egokitu beharko genituzkeela bilera baterako", azaldu du.

Eskutitzean, Arku Atlantikoaren Batzordeko eta Pirinioetako Lan Elkarteko presidente eta Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria Euroeskualdeko kide gisa eman dituen urratsak zerrendatu ditu Urkulluk, eta Europar Batasuneko txandakako presidente gisa izango duen hurrengo erantzukizunean Europako Kontseiluari Makroeskualde Atlantikoa sortzeko proposamena aurkezteko eskatu dio Sanchezi.

Era berean, bere kezka helarazi dio Frantziak abiadura handiko trena konektatzeko epeak 2042ra atzeratzeko asmoa duelako, 2030erako aurreikusita egon arren.

Bestalde, Olatz Garamendi Gobernantza Publikoko sailburuak atzo aurreratu zuenez, Politika Orokorreko azken eztabaidan lehendakariak Sanchezi planteatu zion Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko aldebiko batzorde iraunkorra laster biltzea espero da, baina, horren esanetan, "garrantzitsuena edukiak ematea da".

Bi gobernuak biltzeko "agendak aztertzen" aritu diren arren, oraindik ez dago aldebiko batzordea eratzeko datarik, sailburuaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua