Politika -
Bilbon
Indarkeriari zilegitasuna kentzea eskatu die Urgellek pentsalariei
Kultura sailburuak "euskal herritarrei elkarrizketa. oroimena, elkarbizitza, bakea eta askatasunaren esparruetan bultzada emateko" esan die Bilbon bildutako munduko pentsalari entzutetsuei.
Erredakzioa
Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburuak "kultura munduko jendeari" dei egin die indarkeriari "edozein helburu lortzeko" baliabide gisa zilegitasuna kentzeko.
Sailburuak Bilbon egin ditu adierazpenok, 'Mundua aldatzeko ideiak' deitutako topaketaren hirugarren jardunaldian. Urgellez gain, topaketan bildu dira Zygmunt Bauman Asturiaseko Printzea sariduna Komunikazioa eta Humanitate arloan, Golin Vaines Gangs of New York eta Cold Mountain filmeetako ekoizlea, Pier Giorgio Oliveti Cittaslow International herri-mugimenduko zuzendaria eta Amy Goodman Democracy Now! Saioko aurkezlea.
Urgellen hitzetan, "indarkeriarik gabeko testuingurua bizi dugu Euskadin" eta zenbait kultura-ekintza bultzatzen ari dira, Nazioarteko Intelektualen Topaketa, esaterako. Horren bidez, "euskal herritarrak elkarrizketaren, oroimenaren, bizikidetzaren, bakearen eta askatasunaren bidean" bultzatu nahi dituzte munduko pentsalari entzutetsuen laguntzaz baliatuta.
'Munduarentzako ideiak'Jaurkaritzak 2012 Fundazioa sortu zuen 'Bakearen eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea' izeneko ekimenaren garapena kudeatzeko. Fundazio hori izan da, hain zuzen, 'Mundua aldatzeko ideiak' topaketa antolatu duena. Jardunaldiak 18 pentsalari entzutetsu bildu ditu, kulturaren eta ezagutzaren esparrukoak, egungo gizartearen inguruan hausnartzeko.