Politika -

Hauteskundeak EAEn

EH Bilduk 11 teknikariz osaturiko gobernu taldea aurkeztu du

Sei gizonezkok eta sei emakumezkok, horien artean Laura Mintegi lehendakari izateko hautagaiak, osatzen dute EH Bilduren taldea.

Eh Bilduko Gobernu taldea. EFE
Eh Bilduko Gobernu taldea. EFE
EH Bilduk 11 teknikariz osaturiko Gobernu taldea aurkeztu du

00:55

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bildu koalizioak EAEko hauteskundeak irabaztekotan izango lukeen gobernu taldea aurkeztu du.

EAren, Alternatibaren, Aralarren eta ezker abertzalearen koalizioak 11 teknikariz osaturiko taldea aurkeztu du Donostian eginiko ekitaldi batean. Taldearen buru, Laura Mintegi lehendakari izateko hautagaia. Sei gizonezko eta sei emakumezko, horien artean Laura Mintegi, dira EH Bilduren taldeko kideak, guztiak, goi-mailako ikasketekin.

Sailburu izateko ibilbide politiko nabarmenena duen hautagaia Xabier Olano da. Egun, Gipuzkoako Ogasuneko zuzendaria eta Altzoko (Gipuzkoa) alkate ohia da. Herri Batasuneko eta Euskal Herritarrokeko batzarkide ohia ere bada.

Egungo Jaurlaritzako egitura aldatzea proposatu du EH Bilduk Sail berriekin, besteak beste, Herritarren askatasuna (Barne eta Justizia Saila), Aukera berdintasuna (lehendakariordetza) Elikadura burujabetza, Kanpo Harremanak, Justizia Soziala eta Hizkuntza normalizazioa Sailekin.

Hauteskundeak oraindik deitu ez diren arren, dagoeneko gobernu taldea aurkeztea erabaki dutela azaldu du Mintegik, izan ere, "alderdiaren lehentasuna egitea da, eta horretarako, lan egiteko taldea aurkeztu nahi genuen lehenengo", adierazi du.

Koalizioaren asmoa bi ardatzetan oinarrituta dagoela gaineratu du: "Euskal Herri justuagoa lortzea eta burujabetza lortzeko oinarri sendoak ezartzea".

EH Bilduk Jaurlaritza eskuratuz gero, "politika egiteko era aldatzeko", Sailen izenak aldatuko dituela esan du Laura Mintegik, "kontzeptu berriek hizkuntza berriak behar dituztelako".

"Irtenbideak lortzeko aroa" dela azaldu du EH Bilduko hautagaiak, eta "arazo errealei erantzun errealak" ematekoa. Ildo honetan, "irtenbideen inguruan hitz egin nahi duen orok EH Bildu topatuko du", esan du.

Azkenik, polizia egungo egoera politikora egokitzeak "erabateko lehentasuna" duela esan du Mintegik. "Erkidegoaren zerbitzura dagoen euskal polizia bat nahi dugu, ez polizia errepresibo eta militarizatua", eta polizia eredua "zehazteko" prozesu bat sustatuko dutela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea