Politika -
ALDERDI POLITIKOAK
Estatuko Fiskaltzak EH Bildu ilegalizatzea baztertu du, "alderdi politiko demokratikoa" dela argudiatuta
JUCIL Guardia Zibilaren elkarteak EH Bildu legez kanpo uzteko eskatu du, maiatzaren 28ko hauteskunde zerrendetan ETAko kide gisa zigortutako 44 pertsona izateagatik.
AGENTZIAK | EITB Media
Estatuko Fiskaltzak EH Bildu legez kanpo uzteko aukera baztertu du, JUCIL Guardia Zibilaren elkarteari erantzunez. Izan ere, maiatzaren 28ko hauteskundeetarako EH Bilduren zerrendetan ETAko kide gisa zigortutako 44 pertsona ageri direlako egin zuen eskaera.
Ana Garcia Leon Estatuko Fiskaltza Nagusiko Idazkaritza Teknikoko buruzagiak eta Antonio Narvaez Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien fiskalak sinaturiko txostenaren arabera, "bere jarduera, baliabideen legezkotasuna eta helburu eta printzipio demokratikoen bateragarritasuna kontuan hartuta, Euskal Herria Bildu alderdi politikoa demokratikoa da".
Testuak dioenez, "ez dago zantzu arrazionalik Alderdi Politikoen Legean jasotzen duen ilegalizazio prozedura abiatzeko".
Fiskaltzak gogora ekarri du, batetik, EH Bildu koalizio bat dela, ez alderdi politiko bat, eta, bestetik, publikoki gaitzetsi duela indarkeria terrorista, eta bere jarduera politikoa esparru demokratikoaren barruan gauzatzen duela.
Halaber, Fiskaltzak azpimarratu du 12 urte igaro direla ETAk jarduera armatua "behin betiko" amaitu zuela iragarri zuenetik, eta, beraz, "oso bestelako testuinguru" batetik baloratu behar direla egoera guztiak.