Politika -
Parot doktrina
Estrasburgoko Auzitegiaren epaiak izango dituen eraginak
Estrasburgoko epaiak Auzitegi Konstituzionalak etorkizunean izango dituen helegiteen inguruko irizpideak ezarriko ditu.
Erredakzioa
Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiak Espainiak Ines del Rio ETAko presoari 30.000 euroko kalte-ordaina ematea agindu du Parot doktrina "atzeraeraginezko izaeraz" ezartzeagatik. Era honetan, jarrita dauden beste hainbat helegite ebazteko irizpideak ezarri ditu.
Auzitegi Nazionaleko iturriek berretsi dutenez, epaia "ez da loteslea" Espainiarentzat, ondorioz, praktikan ez du ETAko presoa aske utzi beharrik.
Baina, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Gobernuak iragarri duen helegitea baztertzen badu, kalte-ordainak nahi eta nahi ez eman beharko dizkio; kasu honetan, 30.000 euro, Espainiak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenarekin bat egiten duelako.
Europako Auzitegiaren epaiak hala ere etorkizunerako irizpideak ezarriko dizkie Konstituzionalari eta Gorenari Parot doktrinaren inguruko ebazpenetan.
Bi artikulu urratu ditu
Juanjo Alvarez katedradunak EITBri azaldu dionaren arabera, Parot doktrinak Giza Eskubideen Europako hitzarmeneko bi artikulu urratzen dituela dio epaiak. Batetik, zazpigarren artikulua; legerik izan ezean ekintza bat zigortu ezin dela dioena. Eta bestetik, 5.1 artikulua, askatasun eta segurtasunerako eskubidea jasotzen duena.
Halaber, epaiak argi uzten du Parot doktrinak ezin duela atzeraeraginezko izaera izan.
Parot doktrina 2006an onartu zuen Auzitegi Gorenak, eta berriki babestu du Konstituzionalak. Arau horren arabera, espetxe-onurak zigorraren osotasunari aplikatu behar zaizkio eta ez espetxean gehienez bete beharreko urte-kopuruari.
Gaur egun, 80 bat preso inguru ari da kondena betetzen Parot doktrina aplikatuta, gehienak ETAko presoak. Horietako askok helegitea jarrita dute Auzitegi Konstituzionalean.
Ines del Rioren auzia, Europako Giza Eskubideen Auzitegira iritsi den lehen helegitea izan da.