Politika -
Parot doktrina
Doktrina ezarri zaien presoak aske uztearen alde azaldu da Arartekoa
Espainiako Gobernuaren helegiteak aurrera ateratzeko "aukera gutxi" dituela uste du Arartekoak eta ildo honetan, Espainiak "zigor berriak" izan ditzakeela uste du.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak eta auzitegiek Estrasburgoren epaia berehala ezarri beharko luketela uste du Iñigo Lamarca Arartekoak. Honen harira, Parot Doktrina berrikustearen alde azaldu da eta ondorioz, doktrina hori ezarri aurretik presoek zuten zigorra aplikatzea eskatu du Arartekoak Radio Euskadin.
Lamarca Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiaz mintzatu da, izan ere, Espainia zigortu du Parot doktrina ezartzeagatik eta 30.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio Ines del Rio Prada ETAko kide ohiari.
Lamarcaren iritziz, "Espainiari horrelako zigor gehiago" jar diezaiokete, eta "estatu demokratiko baten zilegitasunerako kaltegarri" izango litzakeela uste du. Halaber, "Estrasburgoko Auzitegiari helegitea jar diezaioketen arren, aho batez hartu den heinean, Gobernuaren errekurtsoak aurrera egiteko aukera gutxi ditu", esan du.