Politika -
Leitzan
Jose Javier Mugicari omenaldia, ETAk hil zuela 11. urteurrenean
Orain 11 urte Leitzako zinegotzia hil zuten tokian dagoen oroigarrian omenaldia egin diote senitartekoek eta UPNko kideek.
Erredakzioa
Jose Javier Mugica omendu dute Leitzan, ETAk UPNko zinegotzia hil zuela 11 urte bete diren egunean. Bertan, senitartekoekin batera alderdiko kideak egon dira.
Reyes Zubeldia alarguna eta Mugicaren semeekin batera, Yolanda Barcina UPNko eta Nafarroako Gobernuko presidentea, Miguel Sanz presidente ohia, Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidentea eta Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria egon dira.
Lore-eskaintza bat egin dute Leitzako zinegotzia hil zuten tokian dagoen oroigarrian, eta ondoren meza bat eskaini diote. Daniel Mugica semeak eskerrak eman dizkie bertan egon diren lagunei, baita 11 urte hauetan elkartasuna adierazi dietenei ere. Bestalde, Yolanda Barcinak eta Miguel Sanzek biktimekiko justizia eta argitu gabe dauden atentatuak ikertzen jarraitzeko eta terroristak atxilotzen jarraitzeko eskatu dute.