Politika -
Barrikako zinegotzi bat
Genero indarkeriagatik inputatutako zinegotzi bat, Bildutik baztertuta
Bilduk koalizio honetatik at utzi du Barrikako (Bizkaia) zinegotzi bat, emakumeen kontrako indarkeria delitu bat leporatuta, zigor-arloko prozedura batean murgilduta dagoelako.
Erredakzioa
Emakumeen kontrako indarkeria delitu bat egotzita, zigor-arloko prozedura batean murgilduta dagoenez, Barrikako (Bizkaia) zinegotzi bat Bildutik baztertu dute, "automatikoki eta behin betikoz".
Bilduk ohar baten bidez jakinarazi duenez, inputazioa argitu arte, kargua uzteko eskatu dio koalizioak zinegotziari behin baino gehiagotan, baina honek muzin egin ostean, Bilduk berez baztertzea erabaki du. "Hemendik aurrera, zinegotzi honek ez du Barrikako Udaletxean Bildu ordezkatuko", azpimarratu du koalizioak.
"Inputatuaren errugabetasun presuntzioa errespetatzen dugu, baina genero indarkeriarekin lotutako delitu batengatik inputatzen badute, gertatutakoa argitu arte, kargua utzi behar du", azaldu du Bilduk.
"Emakumeen aurkako indarkeriaren kontra gaude bete-betean, eta ez dugu hura bakarrik gaitzetsiko, horren aurrean jarrera proaktiboa dugu", adierazi du.