Politika -

Elkarrizketa bat eskaini du

ETAk jarduerari ekingo balio, Otegik 'erabat' arbuiatuko luke

Batasuneko bozeramaile ohiaren aburuz, Espainia Estatu bezala "porrot" egin duen proiektu bat da, eta euskal independentzia, "behar ekonomiko bat".

Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohia. Argazkia: EFE
Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohia. Argazkia: EFE
Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohia. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bateragune auzia dela eta espetxean dagoela, Otegik elkarrizketa eskaini dio La Jornada de Mexico egunkariari. Hedabide horri esan dionez, ETAk jarduera armatuari berriro ekitea nahiko luketen sektoreak daude, "aurreko egoeran eroso sentitzen zirenak eta bake egoera honek euskal herritarrei eskubide demokratikoak ukatzeko argudio demokratikorik ez dutela erakusten dutenak".

Batasuneko bozeramaile ohiak esan duenaren arabera, "oinarri sozialek eta ezkerreko independentismoaren militanteek liberazioaren fase bat bukatzea eta bide baketsu eta demokratikoetatik beste bat hastea adostu zutenean erabaki zuen ETAk jarduera armatuari amaiera ematea".

Horretan "parte hartu duten alde guztiek" egin eta esan dituzten "ekintzek eta hitzek" eragin duten "minaren" erantzukizuna onartu behar dute orain guztiek, Otegiren esanetan.

Horrez gain, ETAtik aldendu diren eta irteera pertsonalak hautatu dituzten militanteekin "maila politikoan" kritikoa izan da, baina "maila pertsonalean" errespetatu egin dituela esan du.

Otegik Euskal Herria "Europako Estatu bat" izango dela uste du. "Ekonomikoki, biztanleko dugun errenta altuenetakoa da (34.000 euro), gure industria sarea oso sendoa da, gure geografia inbidiagarria da, eta gure aurrean erreskatatua izan behar duen Espainia bat dugu", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea