Politika -
Hauteskundeak EAEn
Basagoitik 'independentzia nahi ez duen %51ren' ordezkari izan nahi du
Basagoitik EAJri eta PSE-EEri botoa eman izan dioten "autonomisten" babesa eskatu du, PPren lehendakarigai izendatu duten ekitaldian.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti EAEko PPren buru eta lehendakarigaiak "independentzia nahi ez duen % 51ren" eta Euskadi "komun eta partekatua" nahi duten herritarren ordezkari izan nahi du, EAJren "noraezaren" eta "burua galdu duen" Patxi Lopez lehendakariaren aurrean.
PPren lehendakarigaiarekin bat egiteko dei "zintzoa" egin die "zilborrari begira egiten den politikarekin eta azken urteetako gezurrekin nazkatuta daudenei"."Bi aurpegiko EAJrekin eta agintaldiaren amaieran Patxi Lopez lehendakariaren PSE-EE uzten ari den etsipenarekin oroitzen naiz", gaineratu du Basagoitik.
EAEko PPren buruak uste du EAJren boto-emaile batzuek ez dutela ulertzen EAJk "ETAk eta Bilduk markatutako independentziaren bidearekin bat egitea".
Hori horrela, beste hauteskunde batzuetan EAJri edo PSE-EEri bozka eman dioten "autonomisten" babesa eskatu du.
Murrizketak
Azkenik, Basagoitik Espainiako Gobernuaren murrizketak izan ditu hizpide, eta "gaurko murrizketak krisitik ateratzeko bidea" direla azpimarratu du. "Krisiari gailenduko gatzaizkio, zalantzarik ez dadila izan", gaineratu du.