Politika -

ETA-ko presoak

Auzitegi Nazionalak baliogabetu egin du Xabier Atristain ETAko kidearen hirugarren gradua

Atristrain espetxean zegoen jada, Zigor Aretoaren erabakiaren zain.

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak baliogabe utzi du, behin betiko, Eusko Jaurlaritzak Xabier Atristain ETAko presoari ezarritako hirugarren gradua, iturri juridikoak aipatuta EFE agentziak jakinarazi duenez. Horrenbestez, epaileek onartu egin dute Fiskaltzak aurkeztu zuen helegitea.

Atristain espetxean zegoen Auzitegi Nazionalaren erabakiaren zain. Izan ere, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen presoak espetxera itzuli behar direla Kartzela kontuetarako Epaitegiak hirugarren graduen aurkako helegiteak onartu eta gero, Zigor Aretoak behin betiko erabakia hartu arte.

Jaurlaritzak 2022ko uztailean eman zion hirugarren gradua ETAko presoari, baina kartzelatu egin zuten berriz hiru hilabeteren ostean, Auzitegi Nazionalak bigarren gradura itzularazi baitzuen, terrorismoaren biktimei barkamena ez eskatzeagatik. Ondoren, Gasteizko Gobernuaren Justizia Sailak berriz ere ezarri zion hirugarren gradua, eta berriz kartzelatu zuten.

Atristrainek 12 urte daramatza preso (17 urteko zigorra ezarri zioten), eta duela urtebete Gorenak errefusatu egin zuen haren kondena berrikustea, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak bermedun prozesu bat izateko eskubidea urratu ziotela ebatzi eta gero.

Sarek salatu egin du Auzitegi Nazionalak eta Fiskaltzak "jazarpena" egin diotela ETAko presoari, eta hileko azken ostiraletan egin ohi dituen protestekin bat egiteko deia egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak