Politika -
Euskadi Irratia
Solana: "Erronka nagusia da hiruko gobernua ez dadila izan Chiviteren gobernua, aldebakarrez jokatuko duena"
Nafarroako Gobernua osatzeko programa-akordioa izenpetu eta biharamunean, Geroa Baiko parlamentariak onartu du hirukoa osatzen dutenen artean "desadostasun potoloak 20tik gora" direla, eta horregatik, "akordioan jasotakoa betetzeko", kontrol neurriak indartzea izan da euren lehentasunetako bat.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Adostutakoarekin "gustura" eta, batez ere, bere "kontzientziarekin lasai" dago Maria Solana Geroa Baiko parlamentaria, Nafarroako Gobernu berria osatzeko negoziazioetan "nafarren interesak azkenera arte sutsu defendatu" dituelako. Aitortu du hirukoa berretsiko duten taldeen —PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa— arteko ezadostasunak "asko" eta "potoloak" direla, baina bere koalizioak datozen lau urteetan "bake politikoa eta egonkortasuna" bilatuko dituela. Solanaren hitzetan, itunean jasota geratu den aniztasuna errespetatzea izango da erronka, eta ez PSNk "aldebakarrez" jokatzea. "Hiruko gobernua ez dadila izan Chiviteren gobernua", zehaztu du.
Luzeak izan dira negoziazioak, eta korapilo asko askatu behar izan dituzte akordioa sinatzeko bidean, Solanak azaldu duenez. "Oposizioan geratzea" ere ez omen du baztertu koalizio abertzaleak, baina "PSN mugiarazteko edota geldiarazteko, Geroa Bai gobernuan egotea zein inportantea den ikusi behar da". "Azken lau urteak oso gogorrak izan dira, oso kritikatuak izan gara, eta hauteskundeetan zigortuak. Baina oso garrantzitsua da gure papera Nafarroako Gobernuan. Zer egiteko gai da PSN gu gabe?", galdetu du.
Agertoki horretan, "kontrol mekanismoak indartzea izan da guretzat hasiera hasieratik lehentasuna", akordioan jasotakoa "betetzen ari dela berma dadin". Aurreko legealdian adostutako puntuetako asko ez zirela bete adierazi du, "eta PSNk berak ere aitortu du hori". Horregatik, uste du "autokritika egitea eta arazoak onartzea" ondo dagoela, baina harago joan behar dela nahitaez, "kontrola zorroztuta, arazoak izanez gero lehenbailehen esku hartzeko".
Ezadostasunen artean, bereziki nabarmendu ditu euskararen alorrekoak. "2010eko PSN baino urrunago dago euskaratik egungo PSN", adierazi duenez. "Kezka" agertzearekin batera, akordioan euskara sustatzeko "aurrerapausoak" badirela gehitu du. "Esaterako, hezkuntzan defendatu dugu eta hala jasota geratu da euskarazko ereduan matrikulatzeko eskaera guztia kontuan hartuko dela. Borondate hori jaso dugu behintzat", zehaztu du. Nolanahi ere, "zonifikazioa gainditzeko" Euskararen Legea aldatzea ez dute lortu.
Gaur bildu dira PSNko, Geroa Baiko eta Zurekin Nafarroako ordezkariak EH Bildukoekin akordio azaltzeko. Solanaren hitzetan, "ez da inongo eskaintzarik egongo", hori Maria Chivite sozialistak behin eta berriz "errepikatu" duenez. "Horretan bai izan da irmoegia PSN", nabarmendu du.
Azkenik, Geroa Baik bere gain hartuko dituen lau kontseilaritzak nork gidatuko dituen erabakitzeke dutela ziurtatu du.