Politika -
Nafarroa
Nafarroako Gobernu berriak euskararen inguruan atzerapausoak emango dituela salatu dute
Bi egun geratzen dira Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidente berriro izendatzeko inbestidura saiorako, eta dagoeneko protestak izan dira horren aurka.
EITB MEDIA
Dozenaka lagunek elkarretaratzea egin dute larunbat honetan Nafarroako Parlamentuaren aurrean, datorren astean eratuko den Gobernu berriak euskararen ildoan aurreikusten duen programa arbuiatzeko.
Euskararen Defentsarako Sareak deituta, elkarretaratuek deitoratu dutenez, "orain arte bezala, administrazio erdaldun elebakarra bultzatuko da. Sailetako hizkuntza-planak aipatzen dira, baina gutxi espero daiteke haiengandik, baldin eta irizpidea bada 'gaztelaniaz bakarrik hitz egiten duten herritarren diskriminazioa saihestea'".
Halaber, euskararen alorrean "aurreko 4 urteetan eman dutena" kritikatu dute, Euskararen II. Plan Estrategikoa garatu gabe dagoelako, Hizkuntza Eskoletako euskara taldeetan "murrizketak" egin direlako, edo Nafarroako Gobernuaren haur eskoletan euskararen eskaintza ez delako handitu, besteak beste.
Kritika PSNri egin diote, baina baita "Chiviteren inbestiduran erabakigarriak izango diren alderdi abertzale batzuei ere". Geroa Bairen saiakerak mahai-gaineratu dituzte, baina deitoratu dute azkenean beste batzuk izan direla talde horren kezkak. Era berean, azpimarratu dute EH Bilduren euskararen aldeko presoa "ez dela batere nabaritu".
Inbestidura saioa etzi, astelehenean, izango da, eta asteartean Maria Chivite izendatuko dute Nafarroako Gobernuko presidente, EH Bilduk abstentzioaren alde egingo duela iragarri ostean.