Politika -

NAFARROAKO GOBERNUA

Nafarroako Gobernuko kontseilariak karguaz jabetu dira

Gobernu berriko kideek hartu dituzte euren karguak, baina Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria izango dena izan da salbuespena; izan ere, oraindik Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkari izateari utzi beharko dio Nafarroako Gobernuan kargua hartu aurretik.

Nafarroako Gobernuko kontseilariek hartu dute kargua. Argazkia: EITB Media.
Nafarroako Gobernuko kontseilariek hartu dute kargua. Argazkia: EITB Media.
Nafarroako Gobernu berriko kontseilariak karguez jabetu dira

1:16

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuko kontseilariek euren karguak hartu dituzte gaur, ostirala, Maria Chivitek bigarren aldiz Nafarroako presidente kargua hartu eta biharamunean. Kargu-hartze ekitaldia Nafarroako Jauregiko Tronuaren aretoan izan da. Kontseilari berriek presidentea bera, hainbat foru-diputatu eta senideak izan dituzte lagun.

13 kontseilarietatik 12k hartu dute kargua gaur; izan ere, Jose Luis Arastik (Ekonomia eta Ogasun kontseilaria izango da) aurrerago egingo du. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria da oraindik, eta Ministroen Kontseiluak kargu horretatik kendu arte itxaron beharko du Nafarroako Gobernuan kargua hartzeko.

Formula hau erabili dute kontseilari guztiek kargua hitzemateko: "Hitz ematen dut neure ohoreaz eta kontzientziaz Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, mantendu eta hobetuko dudala. Men eginen diedala Konstituzioari eta legeei eta zintzo beteko ditudala nire karguari dagozkion eginbeharrak". Mikel Irujok eta Jose Maria Aierdik euskaraz egin dituzte hitz horiek, Ana Ollok eta Begoña Alfarok euskaraz eta gaztelaniaz, eta gainerakoek, gaztelaniaz soilik. Felix Tabernak, Ana Ollok eta Begoña Alfarok bi aldiz hitzeman behar izan dituzte karguak, kontseilari eta presidenteorde izango baitira.

Ondoren, kontseilari bakoitzak Nafarroako armarria daraman lepokoa jaso du Maria Chivite presidentearen eskutik. Nafarrako Gobernuak "elkarrizketa eta akordioa oinarri" dituela eta "aurrerarapena zutabe" duela azpimarratu du Chivitek hitza hartu duenean. Ez dutela "egoskorkeria edo nagusikeriaz" jokatuko agindu, eta "sektore guztien" proposamenak entzungo dituztela iragarri du.

PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak sinatutako gobernu-akordioari esker, PSNk zortzi kontseilari eta presidenteorde bat izango ditu; Geroa Baik, lau kontseilari eta presidenteorde bat, eta Zurekin Nafarroak, kontseilari bat eta presidenteorde bat. 

13 kontseilari eta 3 presidenteordeak:

- Felix Taberna (PSN) Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta Presidentetza eta Berdintasun kontseilaria izango da.

- Amparo Lopez (PSN): Funtzio Publiko, Herrizaingo eta Justizia kontseilaria.

- Oscar Chivite (PSN): Lurralde Kohesiorako kontseilaria.

- Carlos Gimenok (PSN): Hezkuntza kontseilari karguan errepikatuko du.

- Mari Carmen Maeztu (PSN): Gizarte Eskubideen eta Enplegu kontseilaria.

- Jose Luis Arasti (PSN): Orain arte Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkari izan dena Ekonomia eta Ogasun kontseilaria izango da.

- Juan Cruz Cigudosa (PSN) Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari kargua hartuko du berriro.

- Rebeca Esnaola (PSN): Kultura, Kirol eta Turismo kontseilaria.

- Ana Ollo (Geroa Bai) Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria izango da.

- Fernando Dominguez (Geroa Bai): Osasun kontseilaria.

- Mikel Irujo (Geroa Bai): Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria.

- Jose Mari Aierdi (Geroa Bai): Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria.

- Begoña Alfaro (Zurekin Nafarroa): Hirugarren presidenteorde eta Etxebizitza kontseilaria.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSN Geroa Bai Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Podemos Ahal Dugu Nafarroa María Chivite