Politika -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Inbestidura badago eta legealdia abiatzen bada, lurralde ereduaren eztabaida irekiko dela esan du Otegik

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Iñigo Urkullu lehendakariak proposatutako konbentzio konstituzionalaren harira adierazi du Espainiako Gorteetara joan aurretik lehenengo euskaldunen arteko adostasuna lortu behar dela.

Arnaldo Otegi, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketaren une batean
Arnaldo Otegi, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketaren une batean
Arnaldo Otegi, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketaren une batean

play icon 26:51

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasi berri den urte politiko berria "interesgarria" izango dela iragarri du Arnaldo Otegik, eta, Espainiako Estatuan inbestidura badago eta legealdia abiatzen bada, lurralde ereduaren eztabaida irekiko dela. EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren iritziz, debate hori "gauza ona izango da euskaldunentzat, euskaldunok denok elkarrekin jokatzen badugu".

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, Iñigo Urkullu lehendakariak proposatutako konbentzio konstituzionalaren ideia ere izan du hizpide Otegik. EH Bilduko koordinatzaileak "errespetuz" hartu du proposamena, baina ez du aukera hori aurreikusten Espainiako Estatuan. Bestalde, Estatuarekin herri ikuspegi batetik negoziatu behar dela nabarmendu du, ez alderdi ikuspegitik. Herri proposamen bat aurkeztearen aldekoa dela aipatu du: "Guretzat funtsezkoa da, lehenik eta behin, euskaldunok Euskal Herrian eztabaidatzea, erabakitzea eta adostea, ahalik eta gehienekin, zer den egin nahi dugun urratsa".

Datorren urtean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EH Bilduren lehendakarigai izango den galdetuta, aurretik esandakoa berretsi du; alegia, EH Bilduren militantziak bozkatuko duela eta, unea heltzen bada, berak hartuko duela erabakia.

Halaber, Espainian Gobernua osatzeko ahaleginen inguruan ere galdetu diote. Negoziazioak zailak izango direla esan du, alderdi askoren babesa behar delako, baina azkenean Pedro Sanchez presidente izendatuko dutela uste du Otegik. Testuinguru horretan, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak gaur jakinarazi ditu Pedro Sanchezen inbestidura negoziatzeko Juntsek jarriko dituen baldintzak.

Atzo, hain zuzen ere, Puigdemontek Yolanda Diaz Sumarreko buru eta Espainiako Gobernuko jarduneko bigarren presidenteordearekin Bruselan izandako bileraren inguruan ere hitz egin du Otegik. Horren esanetan, "normalizaziorako aukera bat ematen du, normalizatzen du Puigdemont". Edonola ere, azpimarratu du benetako negoziazioek ez dutela argazkirik izaten eta gauzak publikoki egiten direnean arazoak sortzen direla. Horren aurrean, EH Bilduren estrategia "zarata gutxi eta lan asko egitea" dela esan du.

Kataluniako alderdiek daramaten negoziazio estrategiaz galdetuta, zuhurtzia handiz hitz egin du. Amnistiari buruz galdetuta, berriz, adierazi du askotan politikan gauza bat esan eta beste bat egiten dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Alderdi politikoak berriak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Euskadi Irratia