Politika -

PEDRO SANCHEZEN INBESTIDURA

Puigdemontek amnistia legea eta Kataluniaren "zilegitasun demokratikoa aitortzea" eskatu ditu

Aldeen artean adostutakoa betetzen dela egiaztatzeko mekanismo bat sortzea ere eskatu du. Kataluniako Generalitateko presidente ohiak Juntsen baldintzak zehaztu ditu Pedro Sanchezen inbestidura negoziatzen hasteko.

Carles Puigdemont, gaur, Bruselan. Argazkia: EFE
Carles Puigdemont, gaur, Bruselan.
Amnistia jasoko duen ''akordio historikoa'' eskatu dio Puigdemontek Sanchezi

2:10

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidenteak Espainiako inbestidura negoziatzen hasteko baldintza gisa jarri ditu amnistia legea, Kataluniaren "zilegitasun demokratikoa" aitortzea eta errespetatzea, eta adostutakoa betetzen dela egiaztatzeko mekanismo bat sortzea.

Pedro Sanchezen inbestidurari buruzko negoziazioak abiatzeko aurrebaldintzak azaldu ditu.

Lehenik eta behin, Kataluniaren "zilegitasun demokratikoa" aitortzea eta errespetatzea aipatu du. Puigdemonten hitzetan, ez dago errezeta autonomikorik Kataluniaren arazoak konpontzeko, eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatu du. Edozein kasutan, ez dio uko egin alde bakarreko bideari.

Bigarrenik, independentismoaren eta independentisten aurkako bide judiziala modu iraunkorrean amaitzea eta amnistia legea eskatu ditu. Puigdemontek gaineratu duenez, ez dira delituak ez 2014ko urriaren 1eko galdeketa ezta independentzia aldarrikapena ere.

Hirugarrenik, aldeen artean adostutakoa betetzen dela egiaztatzeko mekanismo bat sortzea ere exijitu du negoziazioak abiatu aurretik. Horren esanetan, ez dago konfiantzarik, eta, ondorioz, ezinbesteko tresna da.

Bruselan gaur goizean eskaini duen prentsaurrekoan eman dituen azalpenen arabera, gaur egun betetzen ez diren baldintzak dira eta ez lirateke Espainiako Konstituzioaren aurkakoak. Hortaz, baldintza horiek "akordio historiko bat" adostu aurretik izan behar direla gaineratu du.

Juntseko eurodiputatu ere badenak nabarmendu du Espainiako Estatuarekin adostutako erreferendum batek bakarrik ordezka lezakeela urriaren 1eko agindua, eta zilegi dela Espainiako Konstituzioaren 92. artikuluak baimentzen duelako.

Galderarik gabeko prentsaurrekoak 30 minutu eskas iraun du, eta atzo Yolanda Diaz Sumarreko buru eta Espainiako Gobernuko jarduneko bigarren presidenteordearekin bilera egin eta biharamunean eskaini du, Bruselan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika PSOE Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont Junts per Catalunya Espainiako Amnistia Legea gaur