Politika -

Euskadiko Udalak

Esther Apraiz izango da EUDELeko presidentea, EAJk, EH Bilduk, PSEk eta independenteek akordioa itxi ondoren

Horrela, Derioko alkateak hartuko du Gorka Urtaranen lekukoa hilaren 19ko batzar nagusian. Nagore Alkorta (EH Bildu) eta Jose Antonio Santano (PSE-EE) Azpeitiako eta Irungo alkateek, hurrenez hurren, presidenteorde karguan jarraituko dute.

Esther Apraiz
Esther Apraiz
Esther Apraiz

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EUDEL Euskadiko Udalen Elkartea berritzeko akordioa adostu dute EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta talde independenteek, eta hautagaitza bateratua aurkeztu dute gaur, Esther Apraiz Derioko alkate jeltzalea buru duena. Bera izango da, beraz, Gorka Urtaranen lekukoa hartuko duena udalen elkarteak irailaren 19an, asteartean, Donostian egingo duen urteko batzar nagusian.

Hain zuzen ere, gaur amaitzen zen Euskadiko Udalen Elkarteko presidente izateko hautagaitzak aurkezteko epea, eta EH Bilduk uko egin zion hautagaitza aurkezteari. Esther Apraiz Fernandez de la Peña (Derio, 1976) Derioko alkatea da 2015etik. Aurretik, Hirigintza arloko zinegotzia izan zen herri horretan.

Akordioaren arabera, Nagore Alkorta (EH Bildu) eta Jose Antonio Santano (PSE-EE) Azpeitiko eta Irungo alkateek, hurrenez hurren, presidenteorde karguan jarraituko dute. Hala, maiatzaren 28ko udal hauteskundeak egin zirenetik lau hilabete bete aurretik berrituko du bere organigrama EUDELek.

Datorren astean egingo den batzarrean, batzorde exekutiboa (15 ordezkari ditu) eta hiru lurralde batzordeak (9 ordezkari bakoitzak) berrituko dituzte EUDEL osatzen duten 245 udalerriek. Apraiz, Alkorta eta Santanoren hautagaitza alkate hauek osatuko dute: EAJko Nati Lopez de Muniain (Burgu), Maialen Gurrutxaga (Elgoibar), Jon Luqui Albisu (Urretxu), Erlantz Urresti (Jatabe) eta Txerra Molinuevo (Amurrio); EH Bilduko Iñigo Hernando (Galdakao), Txelo Auzmendi (Asparrena), Xabier Lertxundi (Hernani), Eneritz Azpitarte (Zaldibar) eta Izaro Elorza (Oñati); PSE-EEko Mikel Torres (Portugalete); eta, talde independenteak ordezkatuz, Joseba Zorrilla Ruiz (Zalla Bai elkarteko kidea).

Koldo Mediavilla EAJren Arlo Instituzionaleko burukidearen ustez, akordio hau "benetako politika da, eraldaketa sozialaren zerbitzura egon behar duena, jendearen bizi-kalitatea hobetzeko, ez etsaia ernegatzeko eta garaitzeko".

EH Bilduk, bere aldetik, azpimarratu duenez, lortutako "akordioari esker ordezkaritza orekatuagoa" egongo da EUDELen hurrengo legealdian. Onintze Oleaga EH Bilduko Udal Politikako arduradunaren hitzetan, "onuragarria izan daiteke, udal guztiek batera lan egin ahal izango baitute beren erakundeak beste erakunde handiago batzuen aurrean defendatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak EUDEL