Politika -
PSOE
Nicolas Redondo euskal sozialista historikoa kanporatu egin du PSOEk, alderdia "gutxiestea" egotzita
Aste honetan bertan, Redondok iritzi artikulu bat publikatu du egunkari batean, Pedro Sanchezen Gobernuaren aurka egiteko.
EITB Media
Nicolas Redondo Terreros euskal sozialista historikoa kanporatu egin du PSOEk, alderdia "behin eta berriro gutxiestea" egotzita, EITBk jakin duenez.
Hilabete honetan bertan, buruzagi sozialista ohiak artikulu bat publikatu du egunkari batean, Pedro Sanchezen Gobernuaren aurka egiteko, inbestidurara begira Juntsekin negoziatzen aritzeagatik. Astelehenean kaleratu zuten Redondo Terreros PSOEtik.
Politikariak EFE agentziari adierazi dionez, komunikabideen bidez izan du kaleratzearen berri, eta ukatu egin du alderdian espedientea irekita zuela. Gaineratu duenez, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentearekin batera ekitaldi instituzional batean agertzeagatik ireki zioten espedientea 2021ean itxi zuten.
Redondo Terreros PSE-EEko idazkari nagusia izan zen 1997tik 2002ra, eta euskal sozialismoaren eta sindikalismoaren beste ikur baten semea da, Nicolas Redondo Urbieta zenarena.