Politika -

Polemika Alderdi Sozialistan

PSE-EEk begi onez ikusten du Redondo kanporatzea, eta alderdien "arauak betetzeko" daudela gogorazi du

Felipe Gonzalez, Juan Carlos Rodriguez Ibarra eta beste hainbat buruzagi sozialista ohi Nicolas Redondo Terrerosen kanporatzearen aurka agertu dira.

Nicolás Redondo Terreros. EFE
Nicolás Redondo Terreros. EFE
Nicolás Redondo Terreros. EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak begi onez ikusten du Nikolas Redondo Terreros euskal sozialista historikoa alderditik kanporatu izana. Erabakia errespetatzen duela esatearekin batera, gogoratu du alderdien arauak bete egin behar direla.

Anduezak uste du desadostasunak alderdiaren barruan eztabaidatu behar direla, badirelako, bere hitzetan, horretarako guneak. Bide batez, Redondo Terrerosenganako begirunea agertu du, "euskal sozialismoaren barruan izan denagatik".

Bien bitartean, Redondo Terrerosek berak adierazi du oraindik ez duela kanporatze notifikazioa jaso.

Gaurkoan, Maria Jesus Montero PSOEko idazkariorde nagusiak esan du alderdi batean parte hartzea "borondatezkoa" dela eta barne-arauak onartzea dakarrela.

"Redondo jaunak behin eta berriro iraindu ditu mende bat duen eta sozialismoaren balioen alde egunero borrokatzen duten militante askok osatzen duten alderdi baten siglak", ohartarazi du.

Era berean, ziurtatu du Redondo "barne prozedura guztiak errespetatuta" kanporatu dutela, eta buruzagi sozialista ohiak bere burua defendatu dezakeela eta alegazioak aurkez ditzakeela.

Kanporatzearen aurka hainbat sozialista historiko azaldu dira, hala nola Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohia, Juan Carlos Rodriguez Ibarra Extremadurako agintari ohia eta Pedro Bofill diputatu ohia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Eneko Andueza azken ordukoa