Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Gobernuan egindako akatsak onartu ditzan eskatu dio Elorzak PSOEri
PSOEren antolaketan “autokritika, katarsia eta beste hainbat gauza” falta direla esan du Odon Elorzak Radio Euskadirako egindako elkarrizketan. “Birsorkuntza bat eman behar da”, gaineratu du.
Erredakzioa
Odon Elorzaren ustez, PSOEk ez du herritarren "sinesgarritasuna" berreskuratuko gobernatzen zuen garaian eginiko "akatsen autokritika egin arte". Horrez gain, alderdi bezala birsorkuntza bat behar duela uste du Elorzak.
Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean, PSOEk "txarto egindako gauzen diagnosirik" egin ez duela uste du Donostiako alkate ohiak, batez ere Rodriguez Zapateroren gobernuaren azken urteetan hartutako erabakietan. Krisi ekonomikoari buruz, "hartutako neurri batzuen arduradunak identifikatu" beharko zirela uste du Elorzak.
PSOEren antolaketan "autokritika, katarsia eta beste hainbat gauza" falta direla esan du Odon Elorzak Radio Euskadirako egindako elkarrizketan. Herritarrenganako hurbilketa bat egiteko "birsorkuntza bat eman behar da", gaineratu du.
"Gaitasun falta argia"
Beste alde batetik, Elorzaren ustez, gipuzkoar hiriburua eta lurralde horretako Foru Aldundia zuzentzen duen Bildu koalizioak agerian utzi du "erakundeak zuzentzeko daukan gaitasun falta argia". Gainera, "independentziaren aldeko doktrinamendu ideologikoa lortzeko egin duten programa" kritikatu du.
Horrez gain, alkatearen aholkulari izandako Josetxo Ibazetak "erakutsitako abertzaletasun fanatismoa eta intolerantzia" kritikatu du, espainiar futbol selekzioaren alde agertu ziren gazte batzuk mehatxatu ostean.
Bukatzeko, Donostiako alde zaharrean eta beste leku batzuetan kale borroka erasoak egiten zituztenetako "batzuk" gaur egun "gobernatzen ari direnak" direla esan du, "horrek sortzen duen paradoxarekin".