Politika -
BUESAREN AURKAKO ERASOAK
Otegi, 'gaitzespen' hitzaren inguruko eztabaidaz: "EH Bildu argazkitik kanpo uzteko asmoa dago"
Fernando Buesaren hilobiaren eta monolitoaren aurkako erasoek zentzurik eta justifikaziorik ez dutela berretsi du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.
EITB Media
ETAk 2000ko otsailaren 22an hil zuen Fernando Buesa PSE-EEko buruzagi eta sailburu ohiaren panteoiari eta monolitoari Gasteizen egindako erasoak arbuiatu ditu Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Halaber, salatu du "EH Bildu argazkitik kanpo uzteko" asmoa dagoela 'gaitzespen' hitza ez babesteagatik.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Otegik berretsi du EH Bilduk "lehen minututik" errefusatu zuela gertatutakoa. Horren esanetan, monolitoarekin eta hilobiarekin egin zenak "ez du izenik", "ez da ekintza politikoa" eta "ez du zentzurik eta inolako justifikaziorik".
'Gaitzespen' hitzaren inguruko eztabaidaz galdetuta, Otegik azpimarratu du kontzeptu hori erabiltzeak gogora ekarriko lukeela "urte asko daramatzagula hitz hori erabili gabe erakunde armatuaren ekintzak gaitzesteko". Gaineratu duenez, horrek ekarriko luke "labirinto amaigabe" batean sartzea: "Eta zergatik ez duzue hau egiten?".
Otegik ez ditu "konspirazioaren teoriak" elikatu nahi izan, baina hauteskundeak dauden bakoitzean "oso gauza arraroak" gertatzen direla adierazi du, eta horren atzean nor ote dagoen galdetu du.
Bestalde, erasoak gertatu diren testuingurua nabarmendu du, hain zuzen ere, EH Bildu Pedro Sanchezekin elkartuko den astearen atarian. Ildo horretan, Otegiren ustez benetakoa ez den EH Bilduren irudi bat eman nahi dute, asko hazten ari delako.