Politika -
Inbestidura
Sanchez eta Junqueras telefonoz aritu dira, "elkarrenganako errespetua eta normaltasun politikoa" berresteko
Gabriel Rufian ERCk Kongresuan duen bozeramailea Sanchezekin bildu atarian egin dute berba bi buruzagiek. Biek ala biek negoziazioetan "aurrera egitearen beharra" azpimarratu dute.
EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak eta Oriol Junqueras ERCren buruak telefonoz hitz egin dute gaur, Sanchez buruzagi sozialistaren inbestidura saioaren harira, eta "elkarrenganako errespetua eta normaltasun politikoa" nabarmendu dute.
Hizketaldiaren ostean, PSOEk eta ERCk ohar bana bidali dute hartu-emanaz balorazioa egiteko. Hain justu, eta Sanchezek abiatutako bilera errondaren baitan, Gabriel Rufian ERCk Kongresuan duen eleduna hartu du Sanchezek berak (13:00etan dute hitzordua).
Sozialisten esanetan, Sanchezek legealdi honetan "egonkortasuna eta aurrera egiteko akordio bat lortzea beharrezkoa da", eta horixe helarazi dio Junquerasi. Halaber, aurrerantzean elkarrizketak bi alderdietako taldeek jarraitzea adostu dute.
Junquerasek Sanchezi nabarmendu dionez, ERCk inbestiduraren negoziazioei begira "egindako eskakizun nagusietan aurrera egin beharra dago". Era berean, azken urteotan eta "bi alderdien artean egondako negoziazio politikoari esker, arlo politiko eta sozialean zein errepresioaren kontra egindako aurrerapenak" balioetsi ditu.