Politika -
Iruñea
UPNren kudeaketa "ez eraginkorra" salatuko du Iruñeko PSNk datorren osoko bilkuran
Sozialistek salatu dutenez, gobernu taldea inprobisazioan oinarritutako kudeaketa egiten ari da, gainerako udal taldeekin inolako elkarrizketarik izan gabe.
EITB MEDIA
Elma Saiz Iruñeko PSNko bozeramaileak prentsaurrekoan iragarri duenez, hurrengo osoko bilkuran "UPNren gobernu taldearen kudeaketa ez eraginkorra salatzea" eskatuko du, "inprobisazioan, gainerako udal taldeekiko elkarrizketarik gabea eta Nafarroako Gobernuarekiko konfrontazioan oinarritutakoa" baita.
Era berean, UPNk "askotarikoen udal batean duen gutxiengo egoera onartzea" eskatuko dute, "gobernantza gardena, irekia eta parte-hartzailea gauzatuz, gure hiria gobernu taldeak aspaldidanik jasan duen paralisitik ateratzeko".
Ildo horretan, "elkarrizketa eta guztion ongiaren bilaketa Nafarroako Gobernuarekin eta beste toki entitate batzuekin dituzten harremanetan funtsezko tresna gisa erabiltzeko" eskatuko die PSNk UPNkoei.
Legegintzaldiko lau hilabeteetan, Saizen esanetan, udal kudeaketa "aldebakarreko erabakiak, inprobisazioak, elkarrizketarik eza, adostasunik eza eta nagusitasun politikoa" izan ditu oinarri, eta, gainera, Erripagaña edo Gurutzeko plazaren kasuak gogora ekarrita esan duenez, "kudeaketa opakoa, plangintzarik eta gardentasunik gabekoa" izan da.
Saizen arabera, Cristina Ibarrola Iruñeko alkatea "kezkatuago dago bere proiekzio pertsonalarekin, Iruñearen alde lan egitearekin eta adostasunak bilatzearekin baino, eta herritarrek ez dute merezi egiten ari direna bezalako kudeaketarik".
Udal talde sozialistatik ez datoz bat "UPNren gobernu taldeak inposatu nahi duen kudeaketa eta hiri ereduarekin"; izan ere, "ideiarik eta edukirik gabeko proiektu bat da, konfrontazioa, zatiketa eta polarizazioa sortzen ari dena".