Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
'Erbesteratuen' itzulera erraztea eskatu du Urizarrek
EAko idazkari nagusiak adierazi du gaixorik dauden presoek "etxean" izan beharko luketela.
Erredakzioa
Pello Urizar EAko idazkari nagusi eta EH Bilduko bozeramaileak "beharrezkoak diren bideak irekitzea" eskatu du, ETArengatik 'erbesteratuak' itzul daitezen, "hala nahi badute".
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, Urizarrek hizpide hartu du PPren Gobernuak egin nahi duen hauteskunde erreforma, 'erbesteratuek' EAEn eta Nafarroan bozkatu ahal izateko.
Hori horrela, Urizarrek adierazi du EH Bilduk eta "euskal gizartearen gehiengoak" uste dutela erreformaren atzean "hauteskunde interesak" daudela.
EAko idazkari nagusiaren esanetan, alderdian aitortu egiten dute hainbat pertsonak ihes egin behar izan zutela "ETAren presioaren ondorioz", eta, beraz, "beharrezkoak diren bideak ireki" behar zaizkiela, itzul daitezen.
GAIXORIK DAUDEN PRESOAK
Etxerat EH Bildurekin batzartuko da gaur EAren egoitzan, gaixorik dauden presoen egoeraz ohartarazteko, batik bat Jose Uribetxebarriaren kasuan (Donostia Ospitalera eraman dute, metastasia baitauka).
Urizarren esanetan, Uribetxebarriak eta gaixotasun larriak dituzten beste 13 presoek "etxean" egon beharko lukete.
Halaber, bozeramaile abertzaleak nabarmendu du Espainiako Gobernuak "mugimendu orokorrak" egin behar dituela espetxe politikan.