Politika -
Amnistia Legea
Eusko Jaurlaritzak dio amnistia "salbuespenezko" tresna dela gatazka "konponezin" bihur ez dadin
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, Kataluniako gatazkak "elkar ulertzea" behar du, eta hori da lege honek lortu nahi duen xedea, nahiz eta, gogorarazi duenez, Kongresuan gehiengo osoaren babesa jaso beharko duen onartua izateko.
Agentziak | EITB Media
Eusko Jaurlaritzaren ustez, PSOEk astelehenean erregistratu zuen amnistiari buruzko lege-proposamena "salbuespenezko" tresna da, eta Katalunian "ezohikoak" diren egoera sozial eta politikoak konpontzeko bidea eman dezake, gatazka "konponezin" bihur ez dadin.
Hala adierazi du Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan Bingen Zupiria bozeramaileak, eta gogorarazi du amnistia beste estatu batzuetako ordenamendu juridikoan ere badagoela.
Kataluniako gatazkak "elkar ulertzea" behar duela adierazi du, eta hori da lege honen helburua, nahiz eta, gogorarazi duenez, Kongresuaren gehiengo osoaren babesa jaso beharko duen onartua izateko.
Gainera, erantsi du legeari helegitea jarri nahi dionak aukera izango duela hainbat instantzia judizialetan egiteko, eta instantzia horiek bermatu beharko dutela, azkenean, arauaren legezkotasuna eta konstituzionaltasuna.
Zupiriak amnistiaren eta Pedro Sanchezen inbestiduraren aurka duela egun batzuetatik hona egiten ari diren manifestazio eta elkarretaratzeak ere izan ditu hizpide, eta deitoratu du Espainiako politika "polarizatuta" dagoela azken urteotan, eta egoera "okertzen" ari dela Espainiako zenbait hiritan egiten ari diren protesta "bortitzekin".