Politika -
Galizia
Bi lehergailu indargabetu dituzte Vigoko mendi batean
Resistencia Galega talde independentistak bere gain hartu du lehergailuen kokapena.
Erredakzioa
Espainiako Poliziak bi lehergailu indargabetu ditu bart, Vigoko (Galizia) Sampaio mendian, ikerketaren iturriek jakinarazi dutenez.
Resistencia Galega talde independentistak bere gain hartu du lehergailuen kokapena. Talde horri antzeko beste hainbat ekintza leporatu dizkiote, hala nola Manuel Fragaren museo-etxearen aurkako eraso bat Vilalban (Lugo).
Hedabideetara eta Poliziara igorritako agiri batean, Resistencia Galegak ohartarazi egin zuen bi lehergailu jarri zituela aipatu mendian, irrati eta telebista antena batzuetan.
Urrian, talde independentistak nabarmendu zuen "Galizia defendatzeko jarrera aktiboa" hartzeko unea heldu zela, eta "denerako prest" daudela.
Azaroan eta abenduan, sei pertsona atxilotu zituzten Vigon, Santiagon eta Lugon, talde horretako kide izatea egotzita. Lau kartzelatu egin zituzten, eta bi aske geratu ziren.