Politika -
Espainiako Gobernua
Gizarte Segurantzaren kutxa bakarra bermatuta dagoela ziurtatu du Elma Saiz ministro berriak
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen ustez, Gizarte Segurantzako ministro berriak Kontzertu Ekonomikoa eta Foru Hitzarmenari buruz duen ezagutza "erraztasuna" izan daiteke Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa Euskadira eskualdatzeko orduan.
Agentziak | EITB MEDIA
Elma Saiz Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioen ministro berriak administrazioen arteko elkarrizketaren eta lurralde-egituraketaren alde egin du, eta Gizarte Segurantzaren kutxa bakarraren haustura errefusatu du.
Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa Euskadira transferitzearen inguruan galdetuta, Saizek azpimarratu du ez duela inolako hausturarik aurreikusten Gizarte Segurantzaren kutxan. "Lanean eta administrazioen arteko elkarrizketan sinesten duen pertsona bat naiz", azpimarratu du hedabideei egindako adierazpenetan.
Bestalde, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gogoratu du eskumen hori eskualdatzea aurreko legegintzaldian Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean adostutako konpromisoa dela, eta Gernikako Estatutuan ere jasota dagoela. Hori dela eta, Estatutuaren garapen osoa "ahalik eta modu egokienean eta ahalik eta denbora laburrenean" betetzea espero du, eta Saiz ministroa EAEko eta Nafarroako autogobernuaren "jakitun ona izatea, zalantzarik gabe, hori lortzeko erraztasuna" izan daitekeela uste du.