Politika -
EUSKO JAURLARITZA
Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman dio EAEko Gardentasunaren Legearen proiektuari
Orain lege proiektuaren tramitazioa Eusko Legebiltzarrari dagokio, eta Garamendik onartu du legegintzaldiaren amaiera dela kontuan izanda "iristen den tokira" iritsiko dela. EH Bilduren ustez, onartzeko denborarik gabe aurkezteak erakusten du praktika irregularrak ekiditeko "interes falta".
EITB Media
Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio gaur EAEko Gardentasun Legearen proiektuari, eta Eusko Legebiltzarrari bidaliko du tramitazioa hasi dadin. Olatz Garamendi Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburua "oso pozik" mintzatu da testua egin ahal izatea posible izan delako, baina onartu du, legealdiaren amaiera dela kontuan izanda, "iristen den tokira" iritsiko dela. EH Bilduk, bere aldetik, uste du Eusko Jaurlaritzak "praktika irregularrak ekiditeko interes gutxi" erakusten duela lege proiektua onartzeko denborarik gabe aurkeztuta.
Arauak, besteak beste, gardentasuna bermatzea, herritarrek gai publikoetan parte hartzea eta kontu ematea erraztea du helburu.
Gainera, Gardentasunaren Euskal Agintaritza – Gardena sortzea aurreikusten du. Herritarrek berme organo horren aurrean erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute, informazio eskubidea ukatzen zaienean edo herritarrek nahi dutena ez denean. Halaber, neurri zuzentzaileak emateko eta zehapen prozedurak edo diziplina jarduerak abiatzeko eskumena izango du.
Gardentasunaren arloko arau hausteengatiko zigorrak ere ezartzen ditu. Ildo horretan, legegintzaldi bakoitzeko Gobernu Programa argitaratzeko betebeharra nabarmentzen da, eta urteko adierazle batzuk egitea kontuak emateko (zerbitzu publikoen kostua, giza baliabideak edo etorkizuneko konpromiso nagusiak, besteak beste).
Olatz Garamendi sailburua "oso pozik" agertu da lege proiektua onartu delako, nahiz eta jakin legealdiaren amaiera izanda litekeela dela onartzeko denborarik ez izatea. Dena dela, orain onartzen ez bada aurrerago Legebiltzarrean erabili izateko "aktiboa" izango dela uste du.
EH Bilduren ustez, Gardentasun Legea onartzeko denborarik gabe aurkezteak erakusten du Eusko Jaurlaritzak "interes falta" duela praktika irregularrak ekiditeko.
Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, "arlo horretan egin duenaren sintesia da, itxurakeria, praktika irregularren aurka zerbait egiten ari den plantak egitea; errealitatea, aldiz, bestelakoa da, horretan zerbait egin duenean legez derrigortuta izan delako, belarrietatik tira eginda".